Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak jakinarazi duenez, aste honetan airearen kalitatea neurtzeko zortzi sentsore instalatuko dituzte hirian, emisio gutxiko eremuaren sortzeko prozesuaren baitan. Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, Europar Batasunak NextGeneration funtsen bidez finantzatutako proiektua da, 93.870 eurorekin. Halere, neurgailu guztiak instalatzeko aurrekontua ia 180.000 eurokoa izango.
Borja Olazabal, Garapen Jasangarrirako udal ordezkariak argitu duenez, «hauek udalaren jabetzakoak izango dira, eta hemendik aurrera behar ditugun azterketak egiteko erabiliko dira». Izan ere, joan den udazkenaz geroztik Eusko Jaurlaritzaren aire kalitatearen beste neurgailu bat aritu da lan hori egiten. Zenbait hilabetez Colon ibilbidea eta Gipuzkoa etorbidearen arteko bidegurutzean, eta azken asteotan Urdanibia plazan instalatua dago, Ospitale Zaharreko udal bulegoan aurrean. Olazabalek aurreratu duenez, airearen kalitatea «nahiko ona» dela adierazi dute egindako neurketa horiek.
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen arabera, 50.000 biztanletik gorako udalerri guztiek hiri barruko mugikortasun jasangarrirako planak garatu behar dituzte, emisioak txikitzeko neurriak ezarriz. Haien artean emisio gutxiko eremuak. Eta airearen kalitatea monitorizatu beharra dago 24 orduz. Hortaz, orain instalatzen dituzten zortzi berri horiei esker, nitrogeno dioxidoa, PM10 partikulak, PM2,5 partikulak, karbono monoxidoa, sufre dioxidoa eta ozonoa neurtuko dute. Eta bide batez, sentsoreek hiriko zarata neurtzeko sonometro bat ere izango dute. Udalak argitu duenez, neurgailuek eguzki plaka propioak dituzte eta 24 orduz atmosferaren kutsaduraren adierazlean neurtuko dituzte. Zinegotziak aurreratu du, neurgailu gehienak Udala aztertzen ari den zehaztutako hiriguneko isuri apaleko eremuan zehar kokatuko dituztela, isurien argazki ahalik eta fidelena lortzeko. Baina trafiko handiko Azken Portuko gunean ere instalatuko dute horietariko bat.