Gazteen ideia berriak entzuteko 'Kafe Topaketa' antolatu du Konekta Zerbitzuak ostiralean

Antxeta Irratia 2024ko mai. 8a, 13:23

Irungo gaztelekuek aurten izan duten dinamika parte hartzailearen hari beretik antolatu nahi dute udako programazioa ere. Hortaz, Konekta Zerbitzutik 16-25 urte arteko gazteei deia luzatu diete, haien ideia berriak partekatzeko.

Irungo Udaleko Martindozenea eta Artiako gaztelekuen erabilerak gora egin du ikasturte honetan. Adinaren araberako bi espazio egokitu dituzte Martindozenean 12-15 eta 15-17 urtekoentzat. Eta antolatu ohi dituzten programazioak erdiz-erdi gazteekin adostuak izan ohi direla azaldu digu Konekta Zerbitzuko Maider Tolosak. Entzuketa aktiboa da haien bideorria gazteen beharrak asetu eta arreta piztuko duten jarduerak antolatzerako garaian. Eta uda honetarako ere, «gazteak erdigunean» jarri nahi dituzte.

Horregatik, gazteen iritziak entzuteko Konekta Kafe Topaketa bat proposatzen dute datorren maiatzaren 10ean, 19:30ean, The Museum tabernan. Iragarri dutenez, 16-25 urte bitarteko gazteei zuzendutako deialdia da honakoa, «zeozer hartzera gonbidatzen ditugu ideia berriak partekatzeko» argitu du udal zerbitzuak.

Ez da aurreneko aldia Irungo Udaletik halako proposamenak egiten dituztela. 2019az geroztik GazteArtean Talks topaketa tematikoak ere egin izan dituzte urteotan. Kirola, gazteak eta superazioari buruzkoetan Estitxu Estremo, Haimar Etxeberria, Ane Bayo, Irati Beorlegi edo Mario Capelete irundar kirolari ezagunekin partekatu ahal izan zuten. Ekintzailetzari buruzko bat ere egin zuten “Gogoko Lekuan Aldaparik ez” lelopean, Irungo proiektu profesional propio bat martxan jarri duten zenbait gazteekin batera. Oraingoan, aldiz, haien aisialdi nahiak asetzeko helburuarekin eta uda prestatzeko ideiak jaso nahi dituzte gaztelekuetan.