Seme-alabek lehen mugikorra arduraz erabil dezaten gurasoentzat formakuntza emango dute Mondragon Unibertsitateko ikasleek

Antxeta Irratia 2024ko mai. 15a, 11:23

IKASIZ proiektuaren baitan, Palmera Monteroko Bidasoko campusean bi trebakuntza saio eskainiko dituzte maiatzaren 21ean eta 23an. 15 urtekoen %70ak baino gehiagok telefono mugikorra du, eta gehiegizko erabilera desegokiak egiten dituztela ondorioztatu du UNICEF erakundeak.  

EAEn, telefono mugikorra dute 15 urteko hamar adingabetik ia zazpik. Hala diote Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuek. Izan ere, Espainiako 10-15 urteko gazteen % 70,6k telefono propioa du, 2013an baino % 7,5 gehiagok. Eta adituek argitu dutenez, azken 10 urteetan gora egin du erkidego gehienetan, batez ere Covidaren pandemia iritsi zenetik. 

UNICEF haurtzaroaren babeserako agentziak DBHko 11 eta 18 urte bitarteko euskal nerabeekin egin berri dien ikerketa baten arabera, % 31k, edozein astegunetan, 5 ordutik gora ematen ditu Interneten. Ehuneko hori %46,4ra igotzen da asteburuetan. Halaber, ikerketak nabarmentzen du % 54k onartu egin duela noizbait ezezagun baten eskaera sare sozialetan, eta % 23,7 aurrez-aurre geratu da Internet bidez soilik ezagutu duen jendearekin. Era berean, 10 nerabetik 1ek (% 9,3) heldu baten sexu-proposamen bat jaso du Internet bidez, eta % 35,8 eduki pornografikoko webguneetan sartu da.

Testuinguru horretan, nerabeek lehen mugikorra arduraz erabil dezaten eta gurasoekin pentsatuz, Mondragon Unibertsitateko ikasleek Irungo familientzako ordu eta erdiko bi formakuntza saio eskaini dituzte IKASIZ proiektuaren baitan. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere proposatuko dituzte trebakuntza saioak. Eta bidasotarrentzat, maiatzaren 21ean eta 23an Leandro Agirretxe plazako Palmera Montero gunean dagoen Bidasoako campusean egingo dituzte,  18:00etatik 19:30era.

Formakuntza saioen edukia

Antolatzaileek iragarri dutenez, prestakuntza saioak teoriko-praktikoak izango dira, eta hainbat gai jorratuko dituzte. Lehen mugikorra eman aurretik adingabearen heldutasuna ebaluatzea; etxean, familia-unitateko kide guztiek teknologia nola erabiltzen duten aztertzea; adingabeek erabiltzen dituzten aplikazioak errepasatzea; teknologia erabiltzeko akordioak sustatzeko jarraibideak, eta bereziki, haurren lehen mugikorrari dagokionez gogoeta eta erabakiak hartzeko zuzenduta izango da.

Saioak bideratuko dituzten unibertsitateko ikasle gazte horiek baliabideak eta orientazioa emango dizkiete helduei, adingabeek teknologiarekin harreman osasungarri eta segurua izan dezaten sustatzeko. Era berean, laguntza pertsonalizatuko zerbitzuarekin gurasoei kontrol-parental delako aplikazio bat instalatzen lagunduko diete.

Plaza erreserbatzeko: www.guuk.com/eus/ikasiz