Irun eta Hondarribiko kaleetako estoldetan “Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer” dioten plakak 2021ean ezarri zituen Txingudiko Zerbitzuak oinezko joan-etorri gehien duten kaleetan. Ekimen hau Euskal Herri osora hedatu da “Iitsasoa hemen hasten da” kanpaina desberdinekin. Baina Bidasoaldean, Recicla-Birziklatu elkartearen ekimenez abian jarri zuen Txinzer-ek. Hendaian ere, antzeko ekimenak bultzatu ditu elkarteak. Izan ere, «zigarrokinen arazoaz sentsibilizatzea izan da elkartearen helburuetan hastapen-hastapenetik», aitortu digu elkarteko Laida Rodriguezek. Zentzu honetan, duela hiruzpalau urte dagoeneko, elkartekideek zigarrokinen bilketa bat egin euren kabuz Irungo erdigunean, eta bildutako kopuruarekin harritu egin ziren. Hortik abiatu zuten Irungo eta Hondarribiko agintariekin Txinzer-ek gero aurrera eraman zuen aipatutako ekimena.
Aldiz, ez dirudi estoldetan ezarritako mezuak bereziki eraginkorrak direnik. «Erabat normalizatuta dugu zigarrokinak lurrera botatzea, baina jendeak ez daki noraino kutsatzen dute, eta non bukatzen duten», salatzen du Laidak. Tamalez, 100 produktu toxiko baino gehiago dituzte zigarrokinek, eta azaldu digunez, euri urek eta haizeak erraz asko bideratzen dituzte erreka, ibai eta itsasora. «Jende askok ez daki, baina biltzen ez direnak, itsasoan amaitzen dute erremediorik gabe, eta plastikoz eginak daude», argitzen du.
Horiek hala, bidasotarrak sentsibilizatzeko helburuarekin, zigarrokinak biltzeko deialdia luzatu dute, ekainaren 1ean 10:00etan Irungo San Juan plazan. Ordubetez ahal diren guztiak bilduko dituzte Irungo hirierdian. Aldez aurretik izena emateko eskatu dute, ekimena ondo antolatu ahal izateko. Beraz, haiekin harremanetan jartzeko recicla.birziklatu@gmail.com helbidera idatzi, edota elkartearen zein Surfrider fundazioaren sare sozialetan aurkituko duzute informazio guztia.