Tortilla Irundarraren munduko lehiaketa antolatu dute lehen aldiz sanmartzialetarako

Antxeta Irratia 2024ko mai. 22a, 15:19

Ekainaren 16an Tortilla Irundarraren aurreneko lehiaketa antolatuko du Alde Zaharra auzo elkarteak San Juan plazan. 1910eko lehen erreferentziak dituen tradizio handiko bertako errezeta lehen planora ekarri nahi dute.

San Pedro eta San Martzial Jaietako egitarauak aurten jasotzen dituen 160tik gora hitzorduen artean, Alde Zaharra San Juan auzo elkarteak tradizio bat berreskuratzeko hitzordu berri bat antolatuko du. Irunen arrautzopila sukaldatzeko bertako errezeta berreskuratu nahi dute, eta horretarako, Tortilla Irundarraren Nazioarteko lehen lehiaketa antolatu dute ekainaren 16ean, goizeko 11:00etan, San Juan plazan. Lehiaketan, gehienez, 20 pertsonek ahalko dute hartu parte eta ekainaren 9a baino lehen eman beharko dute izena aldezaharrasanjuan@gmail.com helbidera idatziz.  

Usadio handiko errezeta

Honakoa ez da Tortilla Irundarra berreskuratzeko azken urteotan egiten den lehen saiakera. Izan ere, Anaka Kofradiak errezeta liburuetatik berreskuratu eta Atalaia jatetxeko Inaxio Muguruza sukaldariak 2020ean bertan sukaldatu eta neguko menuan dastatzera ematen hasi zen.

Anaka Kofradiako Agustin Moratek azaldu duenez, garai batean tortilla irundarra Morondo, Irureta eta Jaizubia jatetxeetan jan zitekeen. Eta iragan hurbilean ere, San Martzial eguneko hamaiketako gisa prestatzeko ohitura zegoen. Baina gaur egun irundar gutxi batzuk baizik ez dute gogoratzen. Errezeta honen lehen erreferentzia Ignacio Domenech sukaldari katalanak 1910. urtean plazaratutako “La Cocina Vasca” liburuan aurkitzen da. Eta 1964. urtean, Euskal Gastronomiaren Kofradiaren boletinean aipatzen zen, baita Mikel Corcuera Ulaica kritiko gastronomikoak ere, “Ondo Jan” aldizkarian 2018. urtean argitaratutako alean aipatu ere. Argitalpen honetan esaten zuenez, Jaizubia jatetxe Irundarrean probatu dastatu zuen Tortilla Irundarra Jesús Mangas jatetxeko jabekide eta Manuel Iza sukaldariaren eskutik. Eta Juan Jose Lapitz gastronomoak 2017. urtean hil aurretik aipatu zuenez, Irungo Alde Zaharreko Irureta jatetxean tortilla hau jan izana gogoratzen du, baina, aipatutako osagaiez gainera, bertan, ganbekin prestatzen zuten.

Beraz, ohiturak aldatu badira ere, Tortilla Irundarra ez da inoiz erabat desagertu. Baina Alde Zaharra San Juan auzo elkarteak hau berreskuratu eta jaietan antolatu ohi diren Patata Tortilla lehiaketen ordez, bertakoa aldarrikatu nahi izan du aurtengo sanmartzialetan.

Koldo Susperregui auzo elkarteko kideak azaldu digunez, 8 arraultza, Baionako urdaiazpikoa, onddoak aukeran, piper berdea, tipula, perrexila, baratxuria eta gatza dira osagai nagusiak.

Irudia: Irunero