AstoKK Bingo ekimenarekin «txoratzen» dago Euskal Jira

Antxeta Irratia 2024ko mai. 22a, 16:19

Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak ekainaren 1ean antolatu duen AstoKK Bingo solidarioak ez du Irungo Udalaren sustengu ekonomiko eskaxa ordezkatuko. Halere, eskertuta dago Euskal Jira elkartea, «ekarpen ekonomikoagatik baino, haiekin gogoratu eta hezkuntza komunitatean ere Irungo baserriak balioan» jarriko dituen ekimena delako. 

Iazko arazo ekonomikoak halamoduz bideratuta, Irungo Euskal Jira antolatzaile batzordeak 2024ko edizioa antolatzea erabaki zuela jakinarazi zuen apirilan. «Ilusio handiz» ari dira lanean, baina iragarri dutenez, udal agintarien «asmo onak» benetako babes ekonomikoa bilakatzen ez badira, 2025ekoa eta hurrengoak ezingo dituzte segurtatu. Joan den otsailan alarma gorriak piztu zituen Euskal Jirak, 1928az geroztik ospatzen den ekimenaren etorkizuna kinka larrian zegoela jakinaraziz. Eta oraindik ere, Irungo Udalak behar bezalako erantzunik ez diela eman gogoratzen dute.

Euskal Jiratik, aldiz, ez dute itxaropenik galtzen. «Oraindik ere Udalaren konpromisoa lortu nahian gabiltza, oraingoz elkartetik ari direlako esfortzu guztiak bideratzen, Irungo eragileen laguntzarekin, 2024koa aurrera ateratzeko», argitu du Joxeja Zabalok. Baina aurrerantzean etorkizun iluna daukatela aitortzen du. «Ez da oraingo kontua, badaramagu zortzi bat urte egoera hau salatzen», dio Euskal Jirako kideak, urtero eguraldiaren baitan ibiltzeak dakarren arriskuaz Udalak jabetu beharra duela azpimarratuz. «Urtero jarri dugu mahaiganean euriarekin gerta zitekeena, gure diru sarrera guztiak zeroan utzi zituela iaz, eta leheno egoera larria bazen ekonomikoki, ba pentsa orain».

Irundarren ondarea

Zentzu honetan, behar hainako bermerik ez dute ikusten Irungo Udalak ematen duenik. «Hau hiriaren ondare bat da, Udalak ere horrela onartua daukala uste dugu, eta pentsatzen dugu beste neurriko laguntza bat merezi duela Euskal Jirak», aldarrikatzen du. Izan ere, ekimenak berak turismo erreklamu gisa hiriarentzat onurak besterik ez dituela ekartzen gogoratzen dute elkarte antolatzailetik.

Baina folklore edo exotismoetatik haratago, Irunen testimoniala bilakatzeraino zokoratua geratu den nekazal sektorea urtean behin lehen planora eta hirierdira ekartzea ere ezinbestekotzat jotzen dute. «Urte osoan baserritarrekin gogoratzeko motiboak badaude, eta agintariak ez dira haiekin egoten, ez da nekazal mundua babesten», azaltzen du Zabalok. «San Isidro egunean ikusi da udal ordezkariak joaten direla, baina baserritar asko ere ez direla agertzen, ez dutelako fede handiegirik agintariek urte osoan zehar egiten dutenarekin, hemen daudela diote, baina Irunen gure inguru rurala ez dago batere zaindua», gogoratzen du.

Keinu solidarioarekin txoratzen

Horregatik ere, aparteko ilusioa egin dio Euskal Jira talde antolatzaileari Txingudi Ikastolako Guraso Elkartearen eskutik jaso duten azken elkartasun proposamena. Ekainaren 1ean urteko Ikastolako Jaialdian antolatu duten AstoKK Bingo solidarioa eskertu nahi izan dute. «Pozez txoratzen gaude izan duten keinuarekin, zuloak estaltzeko ekarriko digun laguntza ekonomikoagatik baino, gurekin gogoratu izanagatik, eta bereziki inguruko baserritarrekin elkarlanean antolatu duten ekimena delako, eta landa eremuen babesteko beharra hezkuntza komunitatean hausnartzeko ere», argitu du Euskal Jirako kideak.

AstoKK Bingoren txartelak, Labore Txingudi, Aldabe eta Otazpi Berri ostatuan eskura daude.  

Izan ere, Txingudi Ikastolaren aldameneko Gebaralarre baserriko zelaia bingo taula bilakatuko dute ekainaren 1ean, eta Usategieta baserriak utzitako bi asto askatuko dituzte bertan kaka egin eta sariak erabaki ditzaten. Ekimenak Euskal Jira diruz laguntzeko helburua du, baina baserri munduaren defentsarekin keinu bat ere egin nahi izan dute ekimen bitxi ikastolako gurasoek. Gogoan hartu behar baita, aipatutako baserriaren lurrak eta ikastola ingurutako landa eremuan Zubietako Parke Teknologikoa eraikitzeko proiektuak suntsitzeko mehatxupean daudela.

Aipatutako AstoKK Bingo solidarioaren ekimena ekainaren 1ean 12:00etan hasiko da, eta guraso elkarteak jakinarazi duenez, txartelak aldez aurretik eskura daitezke LABORE TXINGUDI dendan Urantzu kalean, Nafarroa Hiribideko ALDABE dendan edota Landetxa-Katea auzoko Arbium plazan dagoen OTAZPI BERRI ostatuan ere.