Txingudiko gurasoek 825€ bildu dituzte Irungo Euskal Jira sustengatzeko

Antxeta Irratia 2024ko eka. 3a, 13:13

AstoKKBingo solidarioa antolatu dute ekainaren 1ean ospatu duten urteko Txingudi Ikastolako Jaialdian, eta ekimenarekin bildutako dirua Irungo Euskal Jira laguntzeko bideratuko dute. Irungo baserritarrek eta nekazal lurrek merezi duten babesa eta arreta aldarrikatzearekin batera, ehunka familia bildu ziren egun osoko festaz gozatu eta hezkuntza komunitatea euskaraz eta elkarlanetik sendotzen jarraitzeko. 

Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak aro berriko bere bigarren urteko jaialdia ospatu zuen joan den larunbatean. Ikasturtean zehar eskola publikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Udalaren gabezi eta hutsuneak estali ohi ditu elkarteak ekonomikoki eta bolondres lanari esker. Baina Irungo 800 familia baino gehiagoren seme-alaben behar material eta pedagogikoak bermatzeaz gain, urtean behin, 1962an frankismoaren oztopo eta debeku guztien gainetik euskara eta euskal kultura bizirik mantentzeko ahalegina egin zuten ikastolaren sortzaileen bideari eutsi nahi diote belaunaldi berriek ere.

Jende anitz bildu zen antolatutako puzgarri, pottoka ibilaldi, haur musika eta arte tailerretan. 

Gaur egun 1.200ndik gora ikaslerekin Gipuzkoako eskolarik handienetako batek suposatzen duen erronken artean, Irunen geroz eta sakabanatuagoa bizi den hezkuntza komunitate irundar hau batzeko helburuarekin berreskuratu zuten iaz jaialdia. Eta aurten urrats bat gehiago eman dute. Baita elkarlanetik eta elkartasunetik urratsa eman ere. 

Izan ere, Jai Batzordeak otsailaz geroztik antolatutako festa borobiltzeko, lau egunez dozenaka familiek parte hartu dute muntaian, jaialdiaren eguneko hamaika ekintzetan, desmontaian eta garbiketa lanetan ere. Eta bildutako diruaren parte bat, heldu den urteko DBH4. mailako ikasleen ikasketa bidaia diruztatzeko bideratuko dute. 
 

Bazkalondoan haur eta gazteentzako apar festa antolatu zuten ikastolako jolastokian

Nabarmendu beharra dago jaialdiak Bidasoaldeko hainbat eragile bildu dituela aurten egitaraua osatzen.  Kemeneko musikariek eta Adaxka dantza taldeak, Auntxa trikitixa eskolak, Jaitzubiko zalditegiak edota Txingurri Bihurri aisialdi taldeak besteren artean.
 
AstoKKBingo solidario eta aldarrikatzailea
 
Baina aurten antolatutako jardueren artean, aipamen berezia behar du Guraso Elkartetik aurreneko aldiz antolatu duten AstoKKBingo ekimenak. Batetik, kinka larrian dagoen Irungo Euskal Jira sustengatzeko helburu solidarioa zuelako, eta ekimen honi esker 825€ bildu dituztelako 1928an ospatzen hasi zen Irungo baserritarren ikur den euskal kultur ondarearen festa honen alde. Eta bestetik, hau antolatu ahal izateko, Irungo Usategieta eta Hondarribiko Gebaralarre baserrien laguntza eskuzabala jaso dutelako. Bidasoko bi udalerri hauen artean kokatua dagoen ikastolaren izena eta izanaren irudiko.
 

Gebaralarreko zelaian, Usategieta baserriaren Kandi eta Antton astoekin gozatu zuten familiek.

Aldarrikapen keinu bat ere izan zuen ospakizun honek Irungo baserrien defentsan. Ikastolaren inguruko nekazal lurrak desagertzeko arrisku larrian daudela oroitarazi baitzuten jaialdian bertan. Agintariek bertan aurreikusiak dituzten Zubietako Parke Teknologikoaren eta hirigintza proiektuen mehatxupean daudelako. Eta era berean, galzorian dauden Kandi eta Antton bezalako astoen presentziak haur eta familien gozamena ekartzeaz gain, gure baserritarrek merezi duten arreta eta babesa aldarrikatzeko balio izan zuen sinbolikoki bada ere. 
 
Bidenabar, agintariek 2030 Agendaren baitan KM0 produktuak sustatu nahi dituztela adierazten duten bitartean, jailadiaren egunean asto hauek egin bezala, ikastolaren auzokide diren Jaitzubia zalditegiko zaldiak ere, suntsituak izateko mehatxupean dauden Gebaralarre baserriko zelaiek elikatzen baitituzte aspaldiko urtetan, belar mozketaz belar mozketa.
 
Gauzak horrela, Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak balorazio ezinhobea egiten du bere aro berriko urteko jaialdiaz. Hezkuntza komunitatea trinkotu, euskara plazara eraman, Irungo eragileekin elkarlana eta Irungo Euskal Jira diruz laguntzea lortzeaz gain, ikastolak bere ikasgeletan egunero egiten duen bezala, jaialdi batekin ondo pasa eta ikasteko aukera eman dielako ehunka lagunei. Izan ere, egungo ikasleek gogoan gordeko duten ikastola eguna ospatu zuten larunbatean. 2024/2025 ikasturte bukaerako hurrengo jaialdia prestatzen hasiko direla iragarri dute Txingudiko gurasoek, urrats bat gehiago emateko asmoz. Hurrengo urteetan gaur egungo hezkuntza komunitatea ez ezik, Txingudi Ikastolak duen sei hamarkada luzeko historian, bertatik pasa diren milaka ikasle eta irakasleak bildu nahiko bailituzkete jaialdi honetan. Oharkabean pasa daitekeen arren, milaka eta milaka bidasotar baitira Txingudi Ikastolako ikasle, guraso, irakasle ala langile izan direnak.