Jaietan Irun garbi mantentzeko inbertsioa %30 handituko dute aurten

Antxeta Irratia 2024ko eka. 3a, 12:13

Irungo Udalak eta Txingudiko Zerbitzuak dispositibo berezia ekainaren 15ean aktibatuko dute, jaien atariko lehen asteburu handian, eta ekainaren 22tik uztailaren 4ra etenik gabe egongo da martxan, orotara kale-garbitzaileen 110 lanaldi gehiago bideratuz. 

Langileen errefortzua 110 lanaldikoa izango da aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietan, hiria ahal bezain garbi eta txukun mantentzeko. Iaz Txingudiko Zerbitzuak-ek martxan jarritako dispositiboaren eguneroko kostua 12.715 eurokoa izan zen bitartean, aurtengo jaietako garbiketarako aurrekontua %30 emendatuko dute, eta Borja Olazabalek, Irungo Udaleko Garapen Iraunkorrerako zinegotziak argitu du guztira 110 lanaldi gehigarri suposatuko duela horrek.

Bestalde, jaigune nagusietan Txinzer-en hondakina bereizteko kontainerrak ezarriko dituzte. Eta azken urteetan Urdanibia plazako txosnetan hondakinak murrizteko eraginkorrak direla egiaztatu diren 20.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko dituzte lau txosnen eskura. Edalontziak erabiltzeko sistema ohikoa izango da: txosnetan egongo dira salgai euro bateko prezioan. Ondoren, edalontzia txosnan itzultzean, ordaindutako euroa itzuliko da. Era berean, txosna bakoitzak 120 litroko beira edota plastikoa bereizteko zakarrontziak izango dituzte eskura.  

Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrek azaldu duenez, «ohiko zerbitzuaren eguneroko kostua 12.715 eurokoa bada, jaietako egun bakoitzean kopuru hori % 30 handituko da». Halere, Leire Zubiturrek herritarren laguntzaren garrantzia azpimarratu du, jaietan ere garbitasuna mantentzeko. Ohiko zerbitzuaren eguneroko kostua 12.715 eurokoa bada, jaietako egun bakoitzean kopuru hori % 30 handituko da. Argitu duenez, «hondakinen sorrera minimizatzea da gakoa. Herritarrei dei egin nahi diet errespetuz joka dezaten eta birziklatzeko gaikako bilketa-guneak erabil ditzaten. Ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik». Hortaz, jaietan portaera jasangarria ukan dezaten galdegin deiete festazale guztiei. Halere, urtero bezala, arreta berezia jarriko dute jende gehien biltzen den guneetan. Eta garbiketarako brigadak egunero antolatuko dira eguneko lehen orduetan jai eremu garrantzitsuenak garbitzeko. Hala nola San Juan plaza eta haren ingurua, Kale Nagusia, Sargia Parkea, Kolon eta inguruak, Zabaltza-Luis Mariano, Pio XII, Iparralde etorbidea, Ficoba, edota Gaztegunea jasoko duen Euskal Jai frontoia eta bere inguruko Istillaga eta Erromes plazak.