Eusko Jaurlaritzako Ihobek kudeatutako EAEko Ekoetxea sareko lau zentroetan herritarrak kontzientziatzen eta klima aldaketa, biodibertsitatearen galera eta ingurune naturalaren kutsaduraren aurrean, konponbidean inplikatzen lagundu nahi dute. Eta Urdaibai, Meatzaldea eta Azpeitiako Ekoetxeetan bezala, Irungo Plaiaundiko Ekoetxea Txingudik ere, auzolanean egiteko Garbiketa Handia antolatu du ekainaren 8an. Eva Montoya, bertako koordinatzaileak argitu duenez, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» garaia da. Eta eraldaketa ekosoziala sustatzeko diseinatutako esperientzien bidez ari dira Ekoetxean gizartea kontzientziatu nahian. Bigarren urtea da Garbiketa Handia antolatzen dutela. Eta iaz Jaitzubiako Urdanibia Berriko erreka inguruetan 1.000 kilo hondakin baino gehiago jaso zituztela gogoratzen du Evak. «Harrituak geratu ginen bi ordutan bildutako kopuruekin», dio.
Izan ere, hiriguneetan Txingudiko Zerbitzuak-ek eguneroko garbiketa egiten duen bitartean, gizakiok natur-eremuetan jaurtitzen ditugun hondakinak «inork jasotzen ez baditu, betirako geratzen dira hor». Ekimenaren antolatzaileek ohartarazten dutenez, ingurune naturaletan utzitako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, lurzorua, ura eta airea kutsatu dezaketenak eta izaki bizidun guztiengan eragina izan dezaketenak. Hondakin horiek paisaiak degradatzen eta kaltetzen dituzte. Izan ere, hamarkadak behar dute deskonposatzeko, eta zenbait kasuetan hondakin oso kutsakorrak izan daitezke. Eva Montoyak zigarrokinak jartzen ditu adibide gisa, substantzia toxikoak dituztelako. Plastiko baten kasuan, aldiz, 100 urte baino gehiago behar du deskonposatzeko.
Arbesko Errotako aparkalekutik
Aldiz, eremu naturaletan biltzen diren hondakin askok erreka eta itsasoetan amaitzen dutela gogoratzen dute Ekoetxetik. Eta asteburu honetan egingo duten garbiketan, hori ere sahiestu nahi dute. Maiz hondakinak auzoko Arantzate errekan bukatu ohi baitute. Hortaz, Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanitaren pareko haur-parkeraino egingo dute bilketa. Eta Ekoetxea Txingudiren kasuan, topagunea Arbesko Errota kaleko haur-parkearen ondoan izango da. Bertan, karpa bat jarriko dute, eta hondakinak biltzeko behar den materiala banatuko zaie parte hartzaileei: eskularruak, zakuak, pintzak, etabar.Eva Montoyak argitu duenez, bi orduko garbiketa egingo dute, eta ondoren hondakinen sailkapena egin eta Txingudiko Zerbitzuak kudeatuko ditu gero. Haurrentzako tailerra ere proposatuko dute hondakinen arazoari buruz.
Antolatzaileek 30-40 lagun inguru bildu ahal izatea espero dute. Baina behar materiala prestatu ahal izateko, parte hartzea lehenbailehen baieztatzea eskatu dute. Hondakinen garbiketarekin bat egiteko, aldez aurretik izena emateko https://ekoetxea.eus web orriaren bidez.