Irungo Mercadonak langileak jazartu eta eskubide sindikalak ukatzen dituela salatu du ELAk

Koldo Nausia 2024ko eka. 4a, 09:19

Irungo supermerkatuan ELAko ordezkari sindikala kaleratu zuten joan den astean. 46 urteko langile honen kaleratzea «legez kanpokoa» delakoan, epaitegietara joko du sindikatuak, eta elgarretaratzea deitu dute ekainak 6an, ostegunean, 11:00etan Arasoko supermerkatuaren aurrean.

Mercadonaren jarrera antisindikala ez da gertaera isolatua euskal sindikatuaren arabera. ELAko Ainhoa Arretxek dioenez, lan baldintza duinak errespetatu beharrean, espainiar enpresa honek «badirudi nahiago duela epaile batek agindutako isunak pagatu eta langileen eskubide sindikalak zanpatu, merkeago ateratzen zaiolako». Zentzu honetan, joan den urrian Nafarroako Goberuak 7.500 euroko isuna jarri zion Mercadonari langileen duintasuna urratzeagatik. Eta 2019an ere, Gasteizko Lan Arloko epaitegiak enpresa kondenatu zuen ELAko ordezkari bati osagarri bat ez ordaintzeagatik, jokabide antisindikala izan duela iritzita.

Oraingoan, aldiz, langilea bajan izan da, eta enpresak baja iruzurra dela egotzi dio baita disziplina arazoak argudiatu ere kanporatzea justifikatzeko. ELAko Ainhoa Arretxek argitu duenez, «langileen lan baldintzak defendatu eta haien eskubide sindikalak defendatzen duen langile ororen kontra jotzen dute geroz eta bortitzago, lehenbailehen erditik kentzeko helburuarekin». Hala ere, ELAk epaitegietan sententziak irabazi arren, enpresak ez du bere jarrera aldatu, eta Irungo Arasoko Mercadonako 40 langileen plantilak sufritzen duena da horren adibide.

Esan bezala, ekainaren 6an, 11:00etan elkarretaratzea deitu dute saltokiaren atarian kaleratutako langilearen sustenguz.