Decathlon eta Merkal Calzadoseko langileek jasaten duten prekarietatea irudikatuko dute larunbatean

Antxeta Irratia 2024ko eka. 6a, 15:28

Decathloneko langileek hirugarren lanuzte eguna dute larunbatean, eta 11:00etan "Prekarietatearen ginkana" egingo dute lan baldintza kaxkarrak irudikatzeko. 12:00tan, aldiz, Merkal Calzados enpresako langileek  "Prekarietatearen bingoa" antzeztuko dute euren egoera salatzeko, negoziaketarik gabe, hiru hilabeteko grebari eustea erabaki eta gero. 

Larunbatean langileen mugimenduak hartuko du Txingudi merkatal zentroa. Azken asteetan mobilizatu diren Decathlon multinazional frantsesaren Irungo saltokiko langileek hirugarren lanuzte eguna egingo dute. ELA sindikatuak goizeko 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 19:00tara deitu dute 50 langileren bueltako lantaldea bat egin dezaten. Euskal sindikatuak gogoratu duenez, abendutik daramate enpresarekin bildu nahian, baina gaur gaurkoz ez dute bilera bakar bat ere egitea lortu. Pairatzen dituzten lan baldintza eskaxak irudikatzeko, larunbatean "prekarietatearen ginkana" egingo dute goizeko lanuztean.

ELA sindikatuak aditzera eman duenez, Decathlonek espainiar estatuan dituen 135 saltokietako langile guztiei hitzarmen estatala aplikatzen die. Baina Irungo langileek argi dute «bertako errealitatea kontuan hartuko duen hitzarmen propioa» behar dutela. Besteak beste, igandeak eta Hegoaldeko jai egunak errespetatuko dituenak, KPIaren eguneraketa edota urteko lanaldia 1.770 ordukoa izatea. Bestalde, langileen gehiengoa lanaldi murriztuan ari dela azaldu du sindikatuak, eta lan ordutegietan malgutasun handia eta aldaketa asko pairatu ohi dituztela.

Antzerkia, hiru hilabeteko grebaren ondoren

Bestalde, saltoki hontatik metro gutxitara dagoen Merkal Calzados enpresako langileek hirugarren greba hilabetea beteko dute ekainean. Lan Hitzarmen berria negoziatzeko enpresak jartzen ari dizkieten oztopoak irudikatzeko "prekarietatearen bingoa" antolatu dute larunbateko mobilizazioan, bizi dituzten baldintzak plazaratzeko "antzerki" emanaldi bat egingo dute 12:00tan. Gipuzkoako Merkal Calzados enpresak 50 langile ditu, eta negoziazioa blokeatuta dago une honetan. Ostirala eta larunbatero greba egiten jarraitzea erabaki dute. Antzinatasun handiko langileak dira geienak, 10, 20 eta 30 urtekoak, eta urteetako lana aintzat hartzea eskatzen dute. Baita kontziliaziorako neurriak ere. Izan ere, urteko larunbata guztietan lan egin behar dute, eta libre hartzeko dituzten lau larunbatak ezin dituzte askatasunez aukeratu.