Memoria Historikoa liburuetan ez ezik, ikasgelatik kanpo eta gertakari historikoak eman ziren lekuetan bertan ikasteko aukera ematen duen pista-joko bat antolatu zuten 2021ean Irunen. Aurretik beste ikastetxe batzuen balorazioa ona izan dela ikusita, Street Scape historiko horretan murgilduta ibiliko dira egunotan, kalez-kale, beste 172 ikasle. Ekainaren 20ra arte egingo dute Irungo kaleetan, logika, orientazio eta abilezia jokoak uztartuz. Pisten bidez, interes historikoa duten hiriko zazpi guneetan zehar ibilbidea osatu beharko dute ikasleek. Besteak beste, Zentro Errepublikanoa, Irungo Kasinoa, udaletxea, Olaberriako kanala, Maritxu Anatol kalea, Gal estadioa eta Abenidako nazioarteko zubia.
Irungo Udalak ekimen aintzindaria dela azpimarratu du, baina ez berria. Izan ere, hirugarren urtea da Euskape enpresak Irungo historian espreski oinarritutako ekimen hau martxan jartzen duela Irungo DBHko ikasleei zuzenduta. Gamemasterrak azaldu digunez, aipatutako guneetan jokoen bidez garai bateko gertakariak eta errealitatea nolakoak ziren ulertzeko aukera ematen die joko honek. Joan den urtean Txingudi Ikastolako BHIko 108 ikaslek egin zuten bidea. Oraingo honetan, Eguzkitza eta Toki Alai ikastetxeetako DBH 4. mailako ikasleek parte hartuko dute bi orduko zazpi saiotan, ekainaren 11n, 13an, 18an eta 20an egingo dira, eta guztira 172 ikaslek parte hartuko dute.