Bioterrak 10.000 bisitari baino gehiago jaso ditu asteburuan

Antxeta Irratia 2024ko eka. 10a, 10:54

Ficobako arduradunek balorazio baikorra egiten dute, eta iazko hogeigarren urtemugako hobekuntza sendotutzat eman dute. Aurtengo lau bisitaritik hiru gipuzkoarra izan da, eta %91k ondo baloratu du Bioterrako azoka eta paraleloan antolatutako jarduera dibulgatibo desberdinak. Gehiengo batek (%87) hurrengo ediziora itzultzeko asmoa adierazi du. 

 

Bioterra, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka bere hogeigarren urteurrenean lortutako hazkundea sendotu du. Pandemiaren ondoko hobekuntzari esker, iaz bildutako 10.000 bisitarien langa gainditu ditu aurten ere, eta azoka bere bide on edo normaltasunera itzuli dela baieztatzen dute Ficobako arduradunek. 

Orotara 10.000 bisitari jaso ditu azokak 21. edizio honetan. Eta igandea izan da bisitari gehien izan duen eguna, guztira 4.000 pertsona. Antolatzaileen arabera, publiko konprometitu eta fidela da Bioterrak bere baitan biltzen duena, sektoreak eskaintzen dituen produktu, zerbitzu eta berritasunak ezagutzeaz gain, aurten antolatutako 50 jarduera dibulgatibo baino gehiagotan ere parte hartuz. Bisitarien balorazioa oso positiboa izan da. %91 baino gehiagok adierazi du azoka bisitatzearekin pozik edo oso pozik dagoela, eta %87k Bioterrako hurrengo ediziora itzuliko dela dio.

Bisitarien jatorriari erreparatuta gehienak Gipuzkoatik etorri dira aurten, ororen %75a. Bigarren talde handiena Iparraldetik etorritako pertsonena izan da (10%), eta Nafarroako bisitariek gutxi gorabehera %6a ordezkatu dute aurtengo edizioan.