Maiatzan deitu zituzten lau greba egunen ondoren, ELA eta UGT sindikatuek San Pedro eta San Martzial jaietan Irunbus garraio publikoa zerbitzu minimoetan uzteko deialdia luzatu dute. Irungo Udalak eta hiri-garraio zerbitzu honen esleipena duen AUIF enpresak ez diete negoziaketetan exijitzen dituzten hobekuntzak onartu. Eta beraz, IrunBuseko 27 gidariek iragarri zuten bezala, grebara doaz. Jaietako egitarauak berak bezala, ekainaren 14, 15 eta 16ean, eta ondoren hilaren 21etik uztailaren lehenera ere greba egingo dutela iragarri dute. Beraz, Udalak eta AUIF enpresek negoziaketetan aurrerapausorik eman ezean, jaietan eragin nabarmena izan dezakete.
Langileek 35 orduko lanaldia, KPIa eguneratuko duen lan hitzarmen berria eta gidarien segurtasuna bermatzeko neurriak eskatzen dituzte. ELA sindikatuko Aitor Iturainek dio azken urteetan Udalak autobus elektrikoetan edo linea berrietan inbertsio handiak egin dituzten bitartean, gidarien lan baldintzek okerrera egin dutela. Izan ere, «PSOEk enpresa pribatuetan 35 orduko lanaldia defendatzen duen bitartean, sozialisten esku dagoen Irungo Udal zerbitzu hontako langileek 40 ordu egiten dituzte lan», dio sindikatuko ordezkariak.