Azalak memoria duela ikasi dute aurten Txingudiko 4.DBHko ikasleek liburuetatik haratago arakatuz

Koldo Nausia 2024ko eka. 20a, 11:57

Txingudi BHI ikastetxean hirugarren urtea dute irakasleen ekimenez Memoria Historikoa Eskoletan proiektuari ekin ziotenetik. Aurten 100 bat ikaslek norbere interesen arabera 36ko estatu kolpea, frankismoa eta II. Mundu Gerla aztertu dute, collage, idatzi, bertso, elkarrizketa, erakusketa zein teknologia berriak baliatuz. Egia, Justizia eta Erreparazioan sakontzeko asmoz, liburuetatik begirada altxatu eta arrotza zuten gaia «sufrimendutik abiatuta» aztertu dutela azaldu digute Paula Sorondo, Beñat Ozollo eta Naiara Sorondo ikasleek.

Frankismoak erabiltzen zituen ikur eta esamoldeak DBHko ikasleen ahotan entzutean, Txingudi Ikastola BHI ikastetxeko irakasleak harriduratik esku hartzera pasa ziren 2021ean. Inkontzientzia eta ezezagutzatik asko zuela pentsatu zuten, eta historia errepika ez dadin, historia ezagutzea bezalakorik ez dagoenez, Memoria Historikoa Eskoletan proiektuari ekin zioten. Haitzol Olaiz irakasleak aitortu digunez, «behar bat identifikatu genuen Txingudin zer entzuten genuen ikusita, eta hausnarketa nahiko partekatua zen beste eskoletan ere, eta ulertu genuen ikasle horiek ez zekitela horren atzean zer zegoen».

Esan eta egin. 2020ko martxoaren 24an Kepa Ordoki eta Nicolas Guerendiain elkarte memorialistekin harremanetan sartu ziren gaia jorratzeko asmoz. Eta martxan jarri orduko, irakasleen arteko proiektua zena, berehala Irungo hezkuntza komunitate osoan eragina izan duen beste paradigma batzuetan deklinatzen hasi zen proiektua. Izan ere, Irungo Udalak paraleloki gaia lantzeko gonbidapena luzatu zien, eta 2021ean Scape Street bat sortu zuten Euskape enpresaren eskutik. Metolodogia berritzaile honi esker, 36ko estatu kolpea, frankismoa eta II. Mundu Gerlaren denboran Irunen emandako hainbat gertakariren lekuko izan ziren hiriko txoko desberdinak bisitatu eta ezagutzeko aukera eman zien ikasleei. Ekimen honek segida izan du, eta hilabete honetan bertan, Toki Alai eta Eguzkitza ikastetxeetako 172 ikaslek osatu dute ibilbidea.  

2022-2023 ikasturtean, aldiz, ‘Kaleak Memoriaz Janzten’ ekimena burutu zuten Txingudiko ikasleek. Gaia landu eta Egia, Justizia eta Erreparazioan oinarritutako mezuak plazaratzen dituzten kamiseta diseinuak sortu zituzten.  Aldiz, «aurreko urteetan ikasle guztiek gauza berbera egiten» zutela aitortu digu Haitzol Olaizek. Eta ekarpen handiagoa egin zezaketela pentsatu zuten. Horrela, aurten 100ndik gora 4. DBHko ikasle inplikatu dira, norbere hondar alea jarriaz aztertu eta hausnartzeko Proiektu Komunitario bat osatuz. 

Liburuetatik baino esperientzietatik ikasiz

Beñat Ozollo ikasleak azaldu digunez, hasiera batean ez zekiten ongi zer egin behar zuten ere. «Historia arakatzen joan garen heinean argitu dugu zer egin nahi genuen, eta ikasturte bukaeran 3.DBHko ikasleei erakutsi diegu egindako lana, heldu den urtean beraiek landu beharko dutelako Memoria Historikoa, eta hutsetik has ez daitezen», dio Ozollok.

Izan ere, Txingudi Ikastolako irakasleek ere argi dute liburuetatik begirada altxa eta Memoria Historikoa modu multidisziplinar honetan lantzeko beharra zegoela, ikasleek esperientzietatik ikasteko. Haitzol Olaiz irakasleak esan digunez, «hasieran behintzat oso urrun geratzen zaie kontzeptua bera, txuribeltzean ikusten dute, eta gai arrotza eta urruna egiten zaien heinean, ez da erraza Memoria Historikoaz beraien ekarpenak positiboan lortzea». Halere, azken hiru urteotan Txingudi Ikastola BHI ikastetxean 15-16 urteko ikasleekin martxan jarri duten dinamikak egiaztatu du, ikasleen interesa piztu eta ekarpen aberasgarriak egin ditzazketela.

Paula Sorondo ikasleak harriduratik ikasi duela esan digu. «Nik ez nekien ezer, ez nuen inoiz pentsatuko adibidez, Pequeña Velocidad pabilioian Irunen kontzentrazio esparru bat egon zenik, hori Alemanian eta nazien esku irudikatzen duzu beti», dio. Gaia ikertu ondoren, collage moduan proiektu komunitarioa borobildu duen ikasturte bukaerako erakusketan bere lekua izan du, orain Via Irun proiektuaren ondorioz eraisteko mehatxupean dagoen pabilioiaren historiak.

Historiaren gertakizun eta memoriaren lekuetatik ez ezik, pertsona konkretuen tragediatik ere eraiki dute proiektua. Beñat Ozollok sufrimendutik abiatutako ikerketa izan dela azpimarratu du: «pentsatu genuen jende asko dagoela bere senidea desagertu eta inoiz gehiago ez dutena haren berririk jaso, edo indusketak eginda hezurrak aurkitu dituztenean argitu ahal izan dutenak, eta horren atzean sufrimendu handia dagoela», dio ikasle honek.

Hau guztia argitzeko, gertaera historikoetan ere sakondu ahal izan dute adituen eskutik. Aipatutako collage edota idazlanetaz gain, 36ko estatu kolpea Irun-Hondarribian eta frankismoa ikertua duen Aitzol Arroyo historialari hondarribitarra, Kepa Ordoki elkarteko Maite San Juan, eta Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteko Marijo Nogues  elkarrizketatu dituzte. Eta kantu eta olerkilaritzaren bidez ere landu dute gaia. Aiora Errazkin, Naiara Sorondo, Izar Agirrezabala, Maider Tapia eta Laiatz Berastegiren ahotsekin “Azalak Memoria du” abestia sortu eta grabatu dute batetik, baita “Memoria Historikoa” bertsoa ere, Garbiñe Leitza pianoan lagunduz.

Haitzol Olaiz irakasleak dioenez, «ikasle bakoitzak bere interesen araberako ekarpena egin ahal izan du ikerketa arlo horretatik bideratuta». Kazetaritza sena duenak elkarrizketak eginez, artista sena duenak collagean parte hartuz, eta bertsolaritza maite duenak berdin. «Drama txiki batzuetatik abiatuta, Irungo pertsona zenbaitzuetatik abiatuta historiara beste modu batera gerturatzen saiatu gara, aspektu kulturala ere zaindu nahi izan dugu», argitu digu Olaizek. Horrela, lehendik ere Sebastian Salaberriak eginak dituen bertso sortak, ikasle baten birraitona zen Joxe Mari Lopetegiren bertsoak ere “Ekaitza” olerkia ezagutu ahal izan dute. Hau guztia, klasera eraman, kantatu eta ‘Denbora Lerroan’ txertatu dute. «Ez da hainbeste izan ohikoa den bezala ni klasera etorri eta gauza bat azaltzea, historia pilulak hartu eta haietan sakonduz ikastea baizik», azpimarratzen du Olaizek.

Zentzu honetan, teknologia berrietan trebeak direnak ere izan dute bere aukera. Euskarri digitala ere baliatu baitute. “Denbora Lerroa” edo Timeline delakoak sortu dituzte 3D teknologiaren bitartez historiaren gertaerak denboran zehar bisitatu eta modu argiagoan ulertu ahal izateko. Kepa Ordokiren bizitza batetik, eta denbora lerro orokor bat ere sortu dute. Gainera, hau guztia, erakusketa batean plazaratu dute ikastetxean bertan ikasturte bukaeran 3.DBHko ikasleei erakusteko. Eta interneten denen eskura jarri dute material guztia, horretarako atari hau sortu dute.