“Los Angeles de Txirris” izan dira txapeldunak Kamiseta Lehiaketaren itzuleran

Antxeta Irratia 2024ko eka. 24a, 10:18

Koadrilen Egunean 2016az geroztik antolatzen ez zen lehiaketak arrakasta bildu du egunari kolorea emanez. “Xologuitak” eta “Irungo Disidenteak” koadrilek eraman zituzten beste bi sariak, Antxeta Irratiaren babesari esker Betti Gottik berreskuratu duen lehiaketan. 

Herri bazkariaren hasierako urteetan arrakasta handia lortu zuen lehiaketa honek. Baina 2016az geroztik ez zela antolatzen. Betti Gotti euskara elkarteak azaldu duenez, «ez antolatu nahi ez genuelako, baliabide ekonomikorik ez dugulako izan jarraipena emateko baizik». Aurten, aldiz, Antxeta Irratiak babestu du ekimena «jaietan parte hartzea eta sormena bultzatu, eta euskarazko mezuak ezinbesteko baldintza izanik, Koadrilen Eguna girotzeko» balio duelako. Arrazoia beragatik ere, Ficoban ospatutako herri bazkarian photocall gune bat ezarri zuen Antxeta Irratiak, koadrilek talde argazkiak egin zitzaten. 

Horiek hala, epaimahaiak originaltasuna, mezua edota diseinua bezalako irizpideak aintzat hartuta, “Los Angeles de Txirris” neska koadrilari lehen saria ematea erabaki du. Urdanibia plazako taulagainean irabazleek azaldu zutenez, «kamiseta diseinatzerakoan Koadrilen Egunean gazteek egiten duten ibilbidea irudikatu nahi izan dute plazaz-plaza Ficoban amaitu arte». Horri esker, 8 lagunentzako Baztango Landako Borda nekazal turismoan asteburu bat irabazi zuten sari gisa. Halere, lehen bi sariak estu joan ziren. Izan ere irabazleek 311 punturekin gailendu ziren bitartean, “Xologuitak” koadrilak 303 puntu jaso zituen bigarren sailkatzeko. Hauek Ola sagardotegian zortzi lagunentzako otordu bat jaso dute opari. Eta “Irungo Disidenteak” koadrilak, aldiz, 234 punturekin hirugarrenak izan dira, beste hainbeste lagunentzako Boga Burger jatetxean otordua eskuratu dute.