Muturreko beroaldietatik babesteko Aterpe Klimatikoen Mapa zehaztu dute Irunen

Koldo Nausia 2024ko eka. 27a, 13:16

Irungo Aterpe Klimatikoen Mapa aurkeztu berri du Udalak. Azken hilabeteotan eremu publikoen eta pribatuen azterketa egin dute, muturreko fenomeno metereologikoen aurrean, bero-uharteen arteko babesleku diren gune egokienak atxemateko. Egungo argazkia egin dute, eta orotara 28 itzalgune edo babesgune klimatiko biltzen dituen mapa jarri dute herritarren eskura.

Krisi klimatikoari egokitzeko EAE mailan aintzindaria den Garapen Urbanistiko Jasangarrirako Udal Ordenantza berria martxoaren 22an bozkatuko zuten Irunen. Eta hasi dira klima aldaketaren berotegi-efektuari eta uholde arriskuei egokitzeko espazio publikoaren kontzeptua berrasmatzen. Bero-uharteak sahiestuko dituzten zuhaitzen itzala eta korridore berdeak sustatzera behartuko du udal ordenantza honek aurrerantzean egingo diren hirigintza proiektu guztietan, hiri resilienteago bat lortzeko. 

Baina lehen urrats bezala, Irungo Aterpe Klimatikoen Mapa aurkeztu berri du Irungo Udalak. Azken hilabeteotan eremu publiko eta pribatuen azterketa egin dute, babesleku izan daitezkeen gune egokienak atxemateko. Eta egungo argazkia egin dute. Hala, bero egunetan, itzalguneak eskaintzen dituzten hiriko 28 leku identifikatu dituzte horretarako, dagoeneko irun.eus atarian eskura dagoen eta leku publikoetan ikusgai egongo den mapa batekin.

Borja Olazabal, Ingurumen eta Garapen Jasangarrirako zinegotziak argitu duenez, Aterpe Klimatikoen Mapa gaur egungo argazkia besterik ez da. «Mapa bereziki adineko pertsonekin edo gaixotasun bat duten horiekin pentsatuta dago, bero handiko egunetan eta larri ikusten badira, eskura ukan dezaten babesteko lekurik egokiena mapa batean identifikatuta», argitu du udal ordezkariak. Izan ere, egindako azterketen arabera, eguzki erradiazio zein tenperatura aldea handia izan daiteke eremu urbanoetan. 

Horiek hala, barrualdean, uda garaian ere ate zabalik, aire egokitua eta iturri bat eskura eskaintzen duten CBA udal liburutegia, Palmera-Montero gunea, Mendibil merkataritza gunea, Azken Portu eta Artaleku udal kiroldegietako harrera guneak, Bidasoa Biziriken egoitza, eta hiriguneko zenbait eskola identifikatu dituzte babesleku gisa. Kasu horretan, Belaskoenea LH, Lekaenea-Anaka HH eta LH ikastetxeak, baita Eguzkitza HH eta LH zentroak ere. 

Baina esan gabe doa, bereziki kalean eta zuhaitz baten itzalpean fresko egoteko guneak direla mapak gomendatzen dituen aterpe klimatiko gehienak. Hirian ditugun parkeak eta erreka edo ibai bazterrak dira nagusiki, prolanezko kale eta errepideekin alderatuta tenperatura alde handiak daudelako , dio Olazabalek. Hortaz, kanpoaldean 19 babes klimatiko gomendatzen ditu Irungo Udalak: Sarjia, Soroxarta, Belartza, Alai Txoko, Behobia, Beko Errota, Ibarlako parke eta berdeguneak, San Miguel auzoko Julian Sanchez parke urbanoa, Ama Xantalen egoitzako lorategiak, Landetxa-Kateako frontoiak eta parkeak, baita Ugalde-Kateako kirol instalazioak ere. 

Etorkizun berdeagoa hirian

Etorkizunera begira, aldiz, itzalgune hauen arteko korridore berdeak eta hiria birnaturalizatzeko helburua duen udal ordenantza berria garatzen ari dira aldi berean. Borja Olazabal zinegotziak dioenez, Irungo Udalak urteak darama zuhaitzak landatzeko irizpideekin lan egiten, aparkalekuen aldean oinezkoari lehentasuna ematen. Baina ordenantza honek hirigintza proiektu guztietan zuhaitz gehiago landatu eta hiria birnaturalizatzeko beharra ezarriko du legez. 

Gaur egun 15.000 zuhaitz inguru daude Irungo hirigunean. «Parkeak eta lorategiak ere baditugu, baina berdeguneen arteko korridoreak sortzeko irizpidea da berritzaileena, itzala izango duen oinezkoen hiri bat lortzearren», argitu digu Borja Olazabalek. Horretarako, espazio berdeen arloan, Irunen urbanizatuko diren kale eta eremu publiko guztietan zuhaitzak landatzeko exijentzia markatuko dute. 50 metro karratu berriritartzen bada 8 metro baino handiagoa den zuhaitz bana, 30 metro karratuko 5-8 metro arteko zuhaitz ertaina, eta arbola txikia (5 metro artekoak) 10 metro karratuko. «Batetik, zuhaitzek itzala ematen dutelako, baina sustraietan euri-uren lurrazpiko hezetasuna atxikitzen dutelako ere, estoldetatik ihes egin beharrean», argitu du. Eta horrek uholde arriskuen aurrean, hiriak ura xurgatzeko gai bilakatzen du.

Udal Ordenantza berriaren gainerako helburuak ere, zentzu bereko irizpideak bultzatzen ditu. Nolabait ere, berdegune eta zuhaitz gehiago landatzera behartuz. Espazio libre eta oinezkoen eremuak, eta kale, errepide zein aparkalekuentzat irizpideak zehazten baititu. Eta bi arlo hauetan ere, oinezko ibilbide irisgarriak itzalpean ahalbidetzeko helburuarekin batera, kaleen neurrien arabera zuhaitz landaketak behartuko ditu.

Horrela, kaleko azaleko aparkalekuen kasuan, lau plazako zuhaitz bana landatu beharko du Udalak. Eta 3,50 metro zabalera edo gehiagoko oinezkoen espazio guztietan zuhaitzak landatu beharko dituzten bitartean, 12 metro zabalera baino gutxiagoko kaleetan plataforma bakarra egokitu beharko dute. Hau da, oinezko eta trafikoa elkarbiziko duten kaleak izan daitezen. Izan ere, kaleen egitura eta espaloien espazioen arabera, parterre, zuhaitz eta berdeguneen gutxieneko ezarpena aginduko du ordenantzak.

Ordenantza arau bilakatzen da hirigintza proiektu berri guztietan aplikatu beharko dutelako. Baina klima aldaketari egokitzeko «premia gorria» duten hiriko hainbat gune identifikatu dituzte dagoeneko. Hortaz, egingo diren obra berrietan arau hauek aplikatzeaz gain, espreski obra berriak ere egingo dituzte zenbait gune ordenantza berrira egokitzeko. «Proaktiboak» izan nahi dutela dio Udal Gobernuak, eta urbanismo zaharraren eredu diren zenbait eremutan korridore berde horiek sustatzeko inbertsioak egiteko asmoa iragarri dute. Letxunborro hiribidea edo Elitxu hiribidean adibidez.