Irungo Gazteartean zerbitzua

“Gaztelekuak espazio libreak dira denentzako, gazteak poz handiz jasoko ditugu Martindozenean zein Artian”

Aimar Lopez 2024ko uzt. 10a, 14:00

Uztailerako egitarau oparoak osatu dituzte Irungo bi Gaztelekuek, baita harago ere GazteArtean eta Konekta zerbitzuek. Astelehenetik larunbatera irekiak dira bi gaztelekuak, eta hainbat ateraldi, tailer eta besta antolatu dituzte.

Udan Irundik ateratzeko aukera edo asmorik ez duten gazteek egunak betetzeko aukera erraza izanen dute hiritik atera gabe aurten ere. Martindozeneako Gazteleku historikoaz gain, aurten bigarren uda izanen duen Artiakoak egunez-eguneko egitarau sendoa izanen dute 12 eta 17 urte arteko gazteentzat. Grafiti tailerrak, Donostia, Zarautz edo Baztanera txangoak, Erlaitzen kanpaldia, futbol txapelketa… dohainik edo ordainpean, egun batekoak edo bikoak, jarduera ugari izanen dira, gustu ugarirentzat.

Erika eta Alazne Martindozenea eta Artia Gaztelekuetako animatzaileak dira, eta azken hilabeteetan lan eskerga handia izan dutela aitortu digute, uztailerako jardueren prestaketan. Gustora hartzen dute haatik lana, haiek ere gazte izanik, “nerabe zirenean bizi nahi zituzten jarduerak” baitituzte prestatzen egungo nerabeentzat.

Egitarauaz gain ere, arratsaldero Gaztelekuak irekiak dira. Maite Tolosak aipatu digunez, egun euritsuetan barnealdeko eremuak eskertzen badira, eguzkia nagusi denean Martindozeneako terraza eskertzen dute erabiltzaileek.

Abuztuan merezitako pausa hartuko badute, uztaila osoa izanen dute beraz Irunen gazteentzat lanean ari diren sailetako kideek. Parte hartu nahi dutenek, Martindozeneara hurbiltzea edo bertako Whatsapp zenbakira (690 706 471) idaztea edo Instagramera sartzea besterik ez dute. Artiaren kasuan berdin, 681 946 798 zenbakira idatzi edo Instagram kontuan sartzea bertzerik ez.