Kirol elkarte guztiekin harreman zuzena duela azpimarratu du Borja Olazabal udal ordezkariak Antxeta Irratian. Horregatik, harrituta azaldu da Lur Alai Squash klubak egin dituen azken adierazpenen aurrean. «Egia da aste honetan zenbait teknikari pandemiaz geroztik gimnasio gisa erabiltzen den Artalekuko laugarren squash pistan egon direla, hau aztertzen», dio Olazabalek. Baina horrek ez du esan nahi bere iritziz, obrak hasiko direnik. Izan ere, erabakia ez dagoela oraindik hartuta, eta pista horrekin zer egin aztertzen ari direla gaineratu du.
Gorka Arretxek, Lur Alai Squash elkarteko arduradunak aste honetan salatu duenez, «Borja Olazabal zinegotziak esan zigun horiek zurrumurruak besterik ez zirela, baina pentsatzen dugu BPXport enpresa eta Udala beldur direla azken aldian Irunen Spartan bezalako kiroldegi pribatuen loraldiaz, eta kiroldegiko gimnasioa indartzea helburuetan dutela». Hau ez du Olazabalek ukatu. Izan ere, Azken Portu eta Artaleku kiroldegietako 11.000 bazkideen beharrak asetu beharretan dagoela argitu du Udalak. Eta herritarren aspaldiko eskaera bat omen da Artalekuko gimnasioa handitzearena. Hortaz, azaroan udal eta kirol elkarteko ordezkarien artean egindako azken bileran, «hiru squash pista mantenduko» dituztela jakinarazi zuela dio Borja Olazabalek. Gaur egun erabilgarri dauden hiru pistak. Pandemiaz geroztik, squash txapelketa handietarako behar izanez gero hustutzen badute ere, de facto laugarren pista ez baita horretarako bideratzen. Eta Udalak ez du dagoeneko hala aintzat hartzen.
Gauzak argi komunikatu izan dituelakoan dago udal ordezkaria, eta gaur egun oraindik ere azterketa bidean dute laugarren pistarentzako proiektua zehaztuko dutenean, Lur Alai elkartea behar bezala informatua izango dela iragarri du.
Era berean, squash kirolarekin konpromisoa adierazi nahi izan du Borja Olazabalek. Azken urteetan garapen handia izan duen kirola izanagatik, minoritarioa bada ere, «kirol elkarte guztiak bezala ahal dugun neurrian babesten dugu», argitu du zinegotziak.
Ez du berdin pentsatzen, aldiz, Lur Alai Squash klubeko zuzendaritzak. Azken urteetan, helduen kirolaz haratago, junior mailan garapen handia izan baitu, eskola antolatu dutenetik. Eta emakumezkoen parte hartzea ere geroz eta handiagoa duen honetan, «4 pistatik 3ra behin-betirako murrizteak proiektua baldintzatu eta Udalak inposatuko duen gainbeheran etortzeko gonbidapena» delakoan dago. Klubetik iragarri dutenez, datorren denboraldian Alicia Txoperenaren 3. Txapelketa estatu mailakoa egiteaz gain, Euskadiko eta Espainiako estatuko Junior txapelketak ere antolatzeko eskaera egin dute dagoeneko. Eta laugarren pistarik gabe nekez antolatu ahal izango dutela ohartarazi dute. «Gure klubaren hazkunde eta helburuei Udalak ezarri nahi dizkien murrizketa atzerakoiak dira», dio Arretxek. Horren ordez, gaur egungo gimnasioaren espazioak ondo aztertu eta berrantolaketzearekin arazoa konpondu daitekeelakoan dago.