Urriaren 23an eta 24an, Life IP Urban Klima 2050 babestuta, AZTik eta Irungo Ficobak antolatuko duten Uhinak kongresuan parte hartuko duten zenbait aditu aurreratu dituzte antolatzaileek. Nazioartean sona handiko ikerketak plazaratu berri dituzten bi zientzialari gonbidatu dituzte aurtengo ediziora, klima aldaketak itsasertzean duen eraginaren erronka ikuspegi integral batetik heltzeko helburuarekin.
Korridore Atlantikoko erreferentziazko kongresua izanik, aurten Europako klima erabat eraldatu dezakeen itsas-korronte termoalinaren (Golkoko Korrontea edo AMOC) kolapsoa aztertuko dute, baita klima aldaketak itsas ekosistemetan dituen ondorioak ere.
Atlantiko hegoaldeko Gulf Stream delako zirkulazioa %20 inguru mantsotu egin dela baieztatu dute zientzialariek, eta horrek Europaren kliman eragin ditzazkeen ondorioak aztertu dituen Peter Ditlevsen gonbidatu dute Ficobara hitzaldi bat emateko. Kopenhageko Unibertsitateko Niels Bohr institutuko katedratikoa da, eta Karibea eta Europaren arteko itsas-korronteen zirkulazioaren garapena, aurreikuspenak eta eman daitezkeen ondorioak aurkeztuko ditu. AMOC siglaz ere ezaguna den korronte horrek berebiziko funtzioa betetzen du munduko klima-sisteman. Eta berriki egindako azterlanen arabera, ahultzen ari da. Aurreikuspenen arabera, mende erdialde aldera kolapsa daiteke, berotegi-efektuko gasen isurketek egungo joerari eutsiko badiote. Bestalde, Marta Coll Itsas Zientzien Institutuko zuzendariordeak, itsas ekosistemak izango ditu aztergai bere mintegian.
Lau zutabeko kongresua
Aurtengo Uhiunak kongresuan, klima-aldaketak eta honek kostaldean dituen efektuek eragindako erronkak zehaztu, eta hauetara egokitzeko erakunde publiko zein pribatuek egin beharreko lanketa aztertuko du urtero bezala. Halere, kongresua lau zutabe tematikotan antolatu dutela iragarri du Uhinak Batzorde Teknikoak.
Argitu dutenez, Jon Sáenz Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak «Planetako atzera bueltarik gabeko puntuen» blokea zuzenduko du. EHUko Bide, Kanal eta Portuen Ingeniarien Eskolako Nestor Urrutxuak eta Gis Littoral Basqueko Aurélie Bocquet-ek bere partetik «Muturreko gertakariak eta egokitzeko neurriak» izeneko zutabea zuzenduko dute. «Kostan eta ozeanoan klima-aldaketa arintzeko neurriak» aztergaien arduradunak Naturklimako Xabier Esteban eta Ihobeko Carlos Castillo izango dira. Eta azkenik, IHOBEko Malake Muñoz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nerea Egia arduratuko dira «Gobernantza, kudeaketa-tresnak eta komunikazioa» atalaz.
Ficobak oroitarazi duenez, Uhinak kongresuan entzule gisa parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da. Irailaren 30a baino lehen egiten dutenek Early Bird tarifa berezia izango dute.