Irungo Euskal Jira abuztuaren 2tik 4ra ospatuko dute aurten. Frankismoak debekatu zuen lau hamarkadetan izan ezik (eta pandemiaren ondorioz 2020ean eta 2021ean ere) 1928tik abuztuko lehen larunbatero ospatu dute irundarrek, bertako euskal kulturaren eta nekazal senaren ospakizuna. Aldiz, pandemiaren geldialdiaren ondotik, iaz eguraldi txarra egin zuen, eta txosnako diru iturririk gabe geratu zirenez zailtasun ekonomikoetan aurkitzen da Euskal Jira elkartea. Aurten Txingudi Ikastolako guraso elkarteak, Nabarteneak, Hiritar Foroak edota Maltzeta anaiek antolatutako erromeria bati esker antolatu ahal izan dute aurtengo edizioa.
Usadioa mantendu, eta aurrerantzean garai bateko herri bazkaria ere berreskuratu nahiko luketela esan digu Amaia Lerak, Euskal Jirako kideak. «Plazan, kalean egin nahiko genuke baina horrek ez dauzkagun baliabide ekonomikoak eskatzen ditu, eta orain bertan beste lehentasun batzuk markatu ditugu», aitortu digu. Nolanahi ere, dagoeneko desagertu diren Irungo baserriak eta usadio zaharrak urtean egun batez hirierdian protagonista izateko aukera ematen duen Euskal Jira indartzeko helburuarekin ari dira lanean.
Zentzu honetan, Irungo Udalari dirulaguntza izenduna eskatu dio elkarteak azken urtebetean, aipatutako diru galerak estali eta hiriko ondare den heinean etorkizuna bermatzeko. Izan ere, aurtengoa antolatuta ere, 2025etik aurrera etorkizunik izango ote duen ez dute argi. Ez dute halakorik lortu momentuz, baina Cristina Laborda alkateak bere babes osoa adierazi nahi izan dio egitasmoari aurtengo aurkezpenean. «Askotan ez gara konsziente zenbat jende eta nolako lana dagoen halako hitzordu baten atzetik, eta irundarrontzat hain garrantzitsua den ekitaldia aitortu eta babestu beharra dugu», azpimarratu du alkateak.
Aurten dirulaguntza gehigarririk ez, baina aurtengo Irungo Euskal Jirak hiru eguneko programazioa izango du. Eta ostiralean Burrunba Elektrotxarangaren kontzertua programatu du Udalak Urdanibia plazan lehen egunean 18:00etatik aurrera. Baita txosna egun horretan jartzeko baimena eman ere, elkartearen diru iturriak segurtatze aldera. Irungo Euskal Jira gorde beharreko ezinbesteko hitzordua dela azpimarratu du Nuria Alzagak, Kultura zinegotziak ere. «44. edizioa da, azkar esaten da, baina ibilbide luzea egin duen hitzordua indartzen saiatzen ari gara azken urteetan, programa egun bakar batetik hiru egunetara pasa delarik», esan du.
Hiru eguneko festa
Aurten eguraldiak lagunduko duelakoan, esan bezala, abuztuaren 2an 17:45etan hasiko da Euskal Jira. Aipatutako kontzertuaz gain, Irungo Atsegiñaren erraldoiek, haur jokoak eta Kantu Jirak San Juan eta Urdanibia plazen artean girotuko dute lehen eguna. Larunbatean, aldiz, egun osoko ohiko programa izango dute Urdanibia plazan, eta 18:00tan hasiko da Mendelutik Urdanibia plazarainoko Euskal Jiraren ibilbidea. Iluntzean Kemen taldearekin Dantza Jira Erromeria ere antolatu dute 20:30ean, eta Bide Batez taldearekin berbena 22:00etan.
Abuztuaren 3an, igandearekin, 11:30etik aurrera Gipuzkoako Herri Kirolak elkarteak antolatutako Pentatlon herri kirol txapelketarekin borobilduko dute.
Euskal Jira elkarteko lehendakariak, Iñaki Olazabalek Udalaren babesa eskertu du aurtengo programazioan laguntzeagatik, babes ekonomikoa emendatzearen esperoan jarraitzen dutela gogoratuz. Baina herriak eta herriarentzako antolatzen dutela oroitarazi nahi izan du. «Garrantzitsuena da egun horretan hiri osoa bat dugula atzetik laguntzen eta gozatzen, eta kaleak betetak daudela», adierazi du Olazabalek. Bestalde, zailtasun eta oztopo guztien gainetik Irungo Euskal Jira antolatzea lortu dute, eta urte berezia izango dela iragarri du. Izan ere, azken asteotan honen antolakuntzan historikoak ziren bi lagun zendu dira: Manueltxo Kerejeta eta Joxe Mari Gelbenzu. «Bizitza osoa eman dute honen alde, eta haiekin Euskal Jiraren historia eta ondarearen parte bat galdu dira», azpimarratu du, baina lanean jarraitzen duen batzordekideen artean «beti bihotzean eramango ditugu, eta aurten inoiz baino gehiago haien omenez ari gara lanean».