Bozgorailu batetik, Gernikako bonbardaketaren urteurrenean jotzen den aireko erasoez abisatzeko sirena entzun zitekeen gaur eguerdian Irungo San Juan plazan. Sirena hots hori usu erabili da urriaz geroztik Palestinaren aldeko mobilizazioetan Euskal Herrian, bi sarraskien arteko konparaketa egite aldera.
Bertatik pasatzen ziren herritar gehienen arreta bereganatu du hala erakusketak, pozik, baina desesperazioz ere hartu dutelarik. Hiru haurrek ederki laburtu dute egoera: "Zergatik hil dute zero urteko haur bat? Urtebetetze bat ere ez zuen ospatu. Ezin zuen ezer txarrik egin".
Gerlak "udan oporrik ez" duela azpimarratu du Iñaki Lopez de Luzuriaga plataformako kideak. Hain zuzen ere, azken astean eskola batean 200 herritar baina gehiago hil ditu Tel Avivek, baita beste eraso batean Al Jazeera informazio kateko bi kazetari ere.
Gerla bizitzeko arriskua
Are, Israelek azken asteetan Hamaseko buruzagi Ismail Haniyeh eta Mohammed Deif eta Hezbollahko Fuad Shukr hil ondotik, gerla gogortzeko beldurra handia da. Hala, Palestinar herriari elkartasun erakustaldiak biderkatu behar direla uste dute gaurko ekimenaren antolatzaileek.
Gaur ari dira Dohan, Qatarren, Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoaren agurra egiten; bertan bizi zen, deserriratua. Palestinako antolakunde gehienek mobilizatzeko deia egin dute, eta Hamasek "Haserrearen eguna" deitu du gaurko, ostiraleko Otoitz nagusiaren ondotik mezkita bakoitzetik manifestaldi bat abiatzeko galdeginez.
Ekimenaren bideo bat zabaldu dute antolatzaileek sare sozialetan. Hemen duzue ikusgai.