Bost ibilbide « tematiko » pentsatuak dituzte Lapurriturritik: hozkailu eta putzuei buruzkoa, meatzaritzari buruzkoa, ikazkintzaz beste bat, gerlen arrastoen ingurukoa eta fauna, flora eta ura lantzen dituen azken bat. Irungo udaleko garapen jasangarrirako ordezkari Borja Olazabalek Irunek duen ondare naturala azpimarratu du, hiriak ematen dituen aukerez eta hirian bertan dagoen eskaintza historikoaz gain, mendi gunearen onurak azaleratuz.
Aiako Harriko hiru tontorretara, Erroilbide, Txurrumurru eta Hirumugarrietara igotzeko informazioa ere ematen dute Lapurriturrin. Aurten, ekainean ireki zutenetik 150 lagun artatu dituztela argitu dute, eta antolatu dituzten bi tailerretan 30 pertsona inguru izan dira.
Arazi IKT enpresak kudeatzen du informazio gunea, Irungo udalak azpikontrataturik. Bertako langilea da Naiara Kaperotxipi, eta egunpasa joaten diren lagunei argibideak ematen dizkietela azaldu du. Aurten, “gehienbat euskaldunak” artatu dituzte, baina espainiar eta frantses estatuetatik etorritako turistak ere izaten dituzte. Olazabalek gehitu du “urtero badirela munduaren beste puntatik etorritako bizpahiru bisitari”, eskualdean ditugun mendien aberastasunaren eredu.
Tailerrek harrera beroa
Hainbat tailer ere antolatzen dituzte informazio gunean irekia den hilabeteetan. Ekainaren lehenean ireki zutenetik, mineralei eta polinizatzaileei buruzko bi antolatu dituzte, lehenean 20 bat parte hartzaile eta bigarrenean 16 lagunekin. Abuztuaren 17an fosilei buruzko tailer bat eskainiko dute, leku guztiak agorturik, eta irailaren 8an zuhaitzez eta urriaren 12an mikologiaz eginen dituzten tailerretan izena emateko irun.eus webgunera jo dezakezue.