Irailaren 16tik 22ra bitartean izanen den Mugikortasunaren asteko ekimenak biderkatzen ari dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere ekarpena eginen du. Hala, atzo Irunen Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru ahaldunak eta José Ignacio Asensio, ahaldun nagusiorde eta Jasangarritasun ahaldunak aurkeztu zuten ekimen nagusia: “Jarri bizikleta prest MUGIrekin”.
Irailaren 16an hasi eta hamar egunez, tailer mugikor bat Gipuzkoan herriz-herri ibiliko da, Mugi txartel pertsonalizatua duten herritarrei haien txirrindua urririk konpontzeko aukera eskainiz. Irunen txanda hilaren 22an izanen da, igandean, Zabaltza plazan. Tailerra goizeko 10:30etik 14:00tara eta 16:00etatik 20:00tara irekia izanen da. Hala, egoera onean ez daudelako gutxi erabiltzen diren bizikletak birgaitzea dute helburu, “mugitzeko modu iraunkorrak sustatzea” delako Aldundiaren xedea, Azahara Dominguezek azaldu duenez.
Tailer mugikorraz gain, Gipuzkoako bederatzi bizikleta dendarekin ere partaidetza lortu du Foru Aldundiak, kanpaina beraren baitan. Bertan konponketak eginez gero, zozketa batean parte hartzeko aukera izanen dute herritarrek, bi bizikleta eta 50 euroko konponketak egiteko bi bonu eskuratzeko, baita Mugi txartelean 20 euroko 60 birkarga ere. Irunen, Pinar karrikako laugarrenean dagoen Cyclope dendan parte hartzen ahalko da programan.
“Gazteen artean bizikletaren erabilera arduratsua sustatzeko”
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei bizikletak dituen onurak laudatzeko eta bideetan behar bezala ibiltzeko ikastaro bat ere eskainiko die Foru Aldundiak. Tolosaldean eta Irunen eginen dituzten tailerren bidez 350 ikaslerengana iritsiko dira, eta bizikleta “eguneroko joan-etorrietarako lehen aukera gisa” finkatzea nahi dute.