Oiasso Erromatar Museoa eskualdeko erreferentziazko kultur eta turismo erreklamu gisa sendotu egin da udan, ekainetik abuztura %20 bisitari gehiago jaso ondoren. Oiasso hiri erromatarra historiazaleen lehen planora aurki ekarriko dituzten termak etorkizun oparoa iragartzen duten bitartean, aurtengo uda bisitariei dagokienez historikoa izan dela azpimarratu du museoak. Izan ere, 2019ko udan jasotako 13.004 bisitarien marka egin eta pandemiak ohiko martxa baldintzatu zuenetik, aurtengo 12.623 bisitariena da urteotan lortutako daturik hoberena.
Bisitarien profila ere aldatu egin dela argitu du museoaren zuzendari Juanjo Jimenezek. Ekainetik abuztura jasotako bisitarien artean %20a Irungoa izan den bitartean, gipuzkoarrak izan dira beste %18, eta %12 frantsesak. Aldiz, espainiar estatuko jatorria dutenen bisitarien kopurua, %13 emendatu da, eta %64 batean egin du gora atzerriko bisitariaren profilak, bereziki, Estatu Batuak, Erresuma Batuak edo Alemaniakoak. Hau ez ohiko dela aitortu du Juanjo Jimenezek, eta museoak urtez-urte lortzen ari den ospearen irudiko delakoan dago. «Gaur egun kultura gose den eskualdera datorren bisitariarentzako Oiasso Museoa ezinbesteko bisita bilakatu da», aldarrikatzen du.
Aldi baterako erakusketak
Aurtengo bisitarien gorakada museoak antolatu dituen aldi baterako erakusketen kalitateari esker eman dela uste du zuzendariak. «Azaroaren 24a arte oraindik bisita daitekeen Megalitoak erakusketak ikusmin handia piztu du, eta irailaren 8an itxi berri dugun Emakumeek Diote sekulako arrakasta lortu du», azpimarratu du. Meridako Museo Arkeologikoak utzitako pieza originalak bildu ditu erakusketa honek, eta pieza horiek Meridatik ateratzen zirela aurreneko aldia zen.
"Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak" erakusketaren kasuan, aldiz, Euskal Herriko mendietan topa ditzazkegun monumentu megalitikoak Neolitikotik eta Brontze Arora arte eraiki zituzten gizarteak nolakoak ziren ulertzeko aukera ematen du. Euskal Herriko 120 aztarnategitako pieza arkeologikoak biltzen ditu. Zehazki, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 150 pieza original baino gehiago.
Bestalde, aipagarria da ere, Dies Oiassonis jaialdiak aurten izan duen arrakasta. Erromatar jaialdiak 5.485 lagun bildu baitzituen uztailaren 11tik 14ra.
Terma erromatarrak Oiasson
Uda oparoa izan du beraz museoak ikasturte garrantzitsu baten atarian. Izan ere, aurten amaituko dituzte terma erromatarren indusketa eta bisitagarri egiteko egokitzeko lanak, eta Juanjo Jimenezek azpimarratzen duenez, «museoaren berrirekiera suposatuko du, Oiassoren historia eta gizartea nolakoa izan zen ezagutzeko egundoko garrantzia duen ondare eta baliabidea izango baita».
Adituen arabera, Kantauri isurialdean Xixoneraino (Asturias) jo beharra dago hirigunean bertan tamainako egitura arkeologiko bat aurkitzeko. Terma erromatarren estreinaldirako eperik ez dute eman oraindik, baina lanak oso aurreratuak daude, eta 2025ean egingo dutela iragarri du museoaren zuzendariak. Eta egunotan indusketa babesten zuen estalkia kentzeko lanak hasiko dituztela iragarri du.