Historia eta arkeologia ikastaroak euskaraz emango ditu Oiasso Museoak aurreneko aldiz

Koldo Nausia 2024ko ira. 12a, 09:13

Beñat Eguiluz Miranda arkeologoak zuzendutako “Mundu Klasikotik Errenazimendura” ikastaroa irailaren 30etik abenduaren 16ra emango dute museoko Portu aretoan. Historiazale guztiei egokitutako 12 saioetan, Europaren etorkizuna erabat baldintzatu zuten XV-XVI. mendeetako krisi politiko eta sozialak aztertuko dituzte, baita artea edota itsas-arkeologia eta garaiko esplorazioak ere.

Historia eta arkeologiari buruzko ikastaroen eskaintza berritu egin du Oiasso Erromatar Museoak. Eta udazken honetan, “Mundu Klasikotik Errenazimendura” izeneko hiru hilabeteko ikastaroa proposatzen du Europako kulturaren eta esplorazioen aroan murgiltzeko. Aurreneko aldia da ikastaroa euskaraz egiteko taldea osatuko dutela. Beñat Eguiluz Miranda arkeologoa izango da irakaslea, aditua izanagatik ere berak «ikasle rola hartu eta ikasleen ekarpenek aberastuko duten dinamika» sustatu nahi duela azpimarratu du.

Eguiluzek argitu duenez, Europako kulturaren une klasikotzat jotzen den XV. eta XVI. mendeko errenazimendu aroa suposatu zituen aldaketak aztertuko dituzte ikastaroan ikuspegi sakon batetik. «Ez da aditua izan behar ikastaroa jarraitzeko, historia ezagutzeko grina eduki besterik ez», argitzen du, «historia landuko dugu, baina baita arkeologia ere, eta garaiko ontzigintza edota Asia eta Ameriketako esplorazioa, garaiko gatazka politikoak eta krisiak ekarri zuen pizkundea, eta Europako monarkia estatuen sorrera». Hortaz, Europaren etorkizuna erabat baldintzatu zituen faktoreak aztertuko dituzte disziplina desberdinetatik. «Parte hartzera animatuko den jendeak seguro asko ikasiko duela, eta zalantzak dituenak museora hurbildu eta galdetu besterik ez du egn behar», ohartarazi du Beñat Eguiluzek.

Lau ordutegi aukeran

Ikastaroa abenduan amaituko da, eta ordutegia ez da aitzakia izango. Izan ere, hiru egun eta lau ordutegi desberdin proposatzen dituzte oraingoan. Euskarazko taldea astelehenetan bilduko da 12:00etatik 13:00era. Eta egun berean 10:30etan izango da gaztelerazko taldearen txanda. Kasu honetan irailaren 30etik abenduaren 16ra emango dituzte saioak museoko Portu aretoan.

Arratsaldez nahiago duenarentzat, berriz, urriaren 1etik abenduaren 17ra, asteartero izango du aukera 18:00etatik 19:00etara areto berean eta gazteleraz. Eta laugarren aukera bat emango dute, ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara museoko tailerrean.

Talde guztietan 12 saio izango dira guztira, eta izena emateko 75 euroko matrikula ordaindu behar da. Oiasso Museotik pasa daiteke eta galdetu, ala inskripzio orri hau bete eta entregatu. Xehetasun gehiago behar izanez gero, info-oiassomuseo@irun.org edo 943 63 93 53 telefonora deitu.