Behin behineko bidegorria ezarri dute Nafarroa hiribidean proba pilotu gisa

Antxeta Irratia 2024ko ira. 16a, 13:47

Mugikortasun Jasangarriaren Astea dela eta, irailaren 16tik 22ra erabilgarri egongo den bidegorri bat asmatu du Irungo Udalak Nafarroa hiribidean. Goranzko norantzan dagoen aparkaleku lerroa erabili dute horretarako, eta udal agenteek txinrrindulariak zenbatu eta galdeketak egiteko aprobetxatuko dute. 

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin batera Irungo Udalak antolatutako jarduera eta tailerretan txirrindaren erabilera sustatzeko ekimenek izango dute protagonismo handiena. Halere, duela bi aste aurkeztu zuten astebeteko programazioan, neurri praktiko bat gorde zuen isilean. Izan ere, hiriko mugikortasun jasangarriaren planak (HMJP) hirian bidegorri baten jarraikortasuna ezartzen du irizpideen artean. Eta aste honetan, Udalak hirierdiko mugikortasuna hobetzeko aztertzen ari den Nafarroa hiribidean bidegorri bat ezartzeko proba pilotua egingo du. Neurri honen «bideragarritasuna eta funtzionaltasuna» aztertzeko balioko duela argitu du Udalak. 

Hiri Garapen, Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek adierazi duenez, «proba pilotu honek aukera emango digu diseinu berriak martxan ikusteko obra zibileko inbertsioak egin aurretik». Ez da aurreneko aldia antzeko proba pilotu bat egin dutela. Iaz Colon pasealekuan, Mugikortasunaren Europako Astearekin batera halako neurriak ezarri zituzten. Eta aurtengo proba pilotuarekin jarraipena eman nahi zaio proposamen horri.

Horiek hala, irailaren 16tik 22ra (gaur goizean oraindik ere hesiak instalatzen ari baziren ere) Nafarroa hiribideko goranzko norantzan autoen aparkaleku lerroa kendu eta behin-behineko bidegorri bilakatuko dute. Udalak iragarri duenez, ekimen honi lotuta astean zehar udal agenteek zenbait lan egingo dituzte hilaren 16tik 18ra: txirrindulariak zenbatu, bidegorria mantendu eta herritarrei galdeketak.