Irundarren «egoera itogarriaren aurrean» etxebizitza gune tentsionatua izendatzeko premia

Koldo Nausia 2024ko ira. 24a, 13:07

3.153 bizikidetza unitate etxebizitza publiko baten zain daude IRUNVIko zerrendetan, eta 2015az geroztik etxebizitzaren prezioa Irunen %42 garestitu ondoren, Cristina Laborda alkateak hiru urteko Ekintza Plana aktibatu nahi du. Irun gune tentsionatu izendatzeak, Udalak horretarako prest dauzkan lurretan Eusko Jaurlaritzaren eskutik 1.000 etxebizitza publiko eraikitzea ahalbidetuko du. 

Irun gune tentsionatu izendatzeko etxebizitzaren inguruko diagnostikoa eta plana «urgentziaz» egin du Irungo Udalak azken hilabeteotan, IRUNVI erakundearen bitartez. Eta Eusko Jaurlaritzari bidalia izan zaiolarik, urriko udal osoko bilkuran diagnostikoa ez ezik, gune tentsionatu izateak aktibatuko dituen aukerak aintzat hartzen dituen 3 urteko Etxebizitza Ekintza Plana ere onartu nahi du Udal Gobernuak.

Ebazpena onartzearekin batera irundarrek bizi duten etxebizitza arazoa arintzeko «historikotzat» eman duten Plan Integrala martxan jarri, eta etxebizitza politikak azkartzeko aukera emango baitu. Cristina Laborda alkateak aurreratu duenez, hiru urtetan 1.000 etxebizitza publiko eraiki nahi ditu Udalak. Gogoan hartuta, azken 20 urteetan 978 etxebizitza publiko eraiki dituztela, ez da erronka makala.

Hala ere, Udalak ez du hori gauzatzeko gaitasun ekonomikorik, baina baldintza guztiak betetzen ditu proiektua ahalbidetzeko. Eusko Jaurlaritzak lau urtetan EAEn 7.000 bizitoki berri eraikitzeko helburua markatu duela gogoan du Labordak, eta Irungo Udalak azken urteetan egindako lanari esker, «lurrak libratu eta prest dauzka etxebizitza eraikitzeko». Hirigintza planak lanketa sakona suposatu duela aitortu du agintari irundarrak, eta «ikusten ez den lan horrek hartu ohi du denbora gehien, eraikitzea azken txanpa besterik ez da».

Hortaz, IRUNVI sozietate publikoak zenbait eraikuntza proiektu bideratuko dituen arren, mila etxebizitza berri horien gehiengoa Lakuako Gobernuak finantzatuko dituela iragarri du alkateak, «halako erronka baten aurrean eskutik goaz eta sintonia berean ari gara lanean, Udalak lurrak utzi eta Eusko Jaurlaritzak eraikuntzaz arduratzea». Hori da bilatuko duten formula.

Merkatu itogarriari neurria hartu nahian

Hiru urtetan Irungo etxebizitza publikoaren eskaintza bikoizteak ez du arazoa errotik ezabatuko. Gogoan hartu behar baita, Irungo udalerriak 65.000 biztanle erroldatuak dituela. Eta gaur egun IRUNVIko zerrendetan eskatzaile gisa izena emana dauden 3.153 bizikidetza unitateetatik (bat ala pertsona gehiagoko “familiak”) 2.700 inguru alokairu soziala eskatzen dutela.

Haatik, Irungo etxebizitzen prezioa %42 garestitu da azken 8 urteetan (2015etik 2023ra), eta dagoeneko 4.100 eurokoa da metro karratuko; Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik (3.601 eurokoa Gipuzkoan). Irungo Udala, IRUNVIren bitartez, udalerria eremu tentsionatu izendatzeko diagnostikoa osatu berri badu, egoera honi neurri hartzeko xedearekin izan da. Eta baldintzak betetzen dituela aditzera eman du Cristina Laborda alkateak. «Irundar askoren kezka garrantzitsuenetako bat bilakatu da», aitortu du agintari sozialistak, «bizitza proiektu bat aurrera eramateko ezinbestekoa izanik, etxebizitza bat jabetzan ala alokairuan Irunen arrazoizko prezioetan lortzea zaila baita». Irungo hiria «Donostia efektuaren biktima» dela dio alkateak, baina nolanahi ere, egoera irauli ahal izateko Plan Integral baten beharra dagoenez, gune tentsionatu izendatzea giltzarri izanik ere, «hortik aurrera» egin ahal izango dena da bere ustez garrantzitsuena.

3 urte egoera iraultzen saiatzeko

Zentzu honetan, «etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada ere, Udalak nabarmen eragin dezake, eta tresnak dauzka epe laburrean neurriak hartzeko», dio Labordak. Hortaz, urriko udal osoko bilkuran IRUNVIko kontseiluan dagoeneko aurkeztu duten diagnostikoa eta 3 urteko Ekintza Plana onartzera emango dute. Eta hiru hilabete inguruko epean espero dute, Eusko Jaurlaritzak Irun gune tentsionatuaren izendapena onartu dezala. Hau ofizial egin bezain pronto, urrats kualitatiboak emango dituzte etxebizitza publikoaren alorrean. Eta bereziki, alokairu sozialean. Izan ere, hiru urteko epean 1.000 etxebizitza publiko eraiki edo eraikuntza prozesua martxan jartzeko asmoa du Udalak, eta «gehiena alokairura bideratuko da, erosteko aukera salbuespena izango da», argitu du Irunviko zuzendari Idoia Yarzak.

Etxebizitza berrien gehiengoa San Miguel-Anaka eremuan eraikiko dute, orotara 612 bizitoki publiko. Idoia Yarzak argitu duenez, 20 urteko prozesu luze baten ondotik, 20 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen eremuaren urbanizazioa 2025ean hasiko da, eta ondoren eraikuntza bideratu ahal izango dute.

Gainerakoan, Behobia auzoan aurreikus daitezke plan honen baitan eskuragarri egongo diren etxebizitza goiztiarrenak, Lasatola-Postetxea (99) eta Mendipe (36 etxebizitza). Hortaz gain, Korrokoitz eremuan 63, Alei eremuan 60, Alberto Larzabalekoan beste 43 etxebizitza gehiago, Emigrazio eraikineko 31, beste 22 Larreaundin, Lucas de Berroa kaleko 20 eta Kale Nagusiako 7. eta 9. zenbakietan IRUNVIk kudeatu nahi dituen 14 etxebizitza berriak.

Espekulazioari stop

Esan bezala, mila etxebizitza hauek 3 urteko epean errealitate bilakatuta ere, «ez du arazoa konponduko, arindu baizik» aitortu du IRUNVIko zuzendari Idoia Yarzak. Izan ere, 3.153 lagun edo familia dira eskatzaileen zerrendetan gaur egun. Hala ere, Ekintza Planak zeharkako beste neurri batzuk aurreikusten dituela iragarri du Cristina Laborda alkateak. IBI zerga berraztertuko dugu hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura atera daitezen hobariak eskaintzeko, etxebizitza zaharren rehabilitazio plan bat eta laguntzak edota kolektibo zaurgarrienentzat alokairurako dirulaguntzak ere aurreikusten dituzte.  

Bestalde, eta Udalaren eskumenetik kanpo bada ere, gaur egun eskaintza eskaxa eta garestia duen alokairu pribatuen merkatuan eragina izango duten zenbait neurri indarrean sartuko dira gune tentsionatu izendatzearekin batera. Yarzak argitu duenez, Espainiako Etxebizitza Eskubidearen Legearen arabera, «alokairuen prezioak KPIa baino gehiago igotzea debekatuta egongo da, eta kontratu berrietan prezioak de facto mugatu egingo dira, indize argi batzuen arabera». Hortaz gain, dagoeneko alokairuan bizi diren pertsonek urtebeteko kontratu luzapena eskatu ahal izango dute, gehienez ere hiru urtez.