Pedagogia egin nahi du Irungo OLA sagardotegiak, sagardogileen lana balioan ezarri, eta tokiko ekonomian ez ezik, ingurumenean duen eragina erakutsiz. Iñaki Bengoetxea bertako nagusia lanean burubelarri dabil egunotan uzta berriaren biltze kanpaina lanetan, baina urtero bezala udazkeneko lanen artean, haur eta familientzako Sagar Festa antolatuko du irailaren 29an. «Sagardotegiarekin hasi ginenetik urtero egin dugu, garrantzitsua delako belaunaldi berriek ikus dezaten zer dagoen sagardoaren atzetik», dio Bengoetxeak, «askok ezagutzen dutelako sagardotegia, baina hurbilen dutenentzat oharkabean pasatu ohi zaie tradizioa, kultura, euskal sagar espezie eta teknika desberdinak daudela».
Hori guztia ezagutara emateko helburuarekin, lehen sagarrak zumotarako bideratuko dituen egunotan, eta urritik aurrera Euskal Sagardoa sormarkako kupelak betetzeko lanekin hasi aurretik, irailaren 29an igandearekin, Euskal Sagardo sormarkak Astigarragan ospatuko duen Uzta Jaiaren egun berean, OLA sagardotegian ere Sagar Festa prestatu dute, familiei zuzenduta.
Joan den ostegunean ekin zion aurtengo sagar uzta biltzeko kanpainari, eta ez-urtea izanik, iazko uztaren %30-%40 inguru sagar jasotzea besterik ez du espero. Aldiz, sagarrondoen ekoizpenak duen bi urteko alternantziaren aurrean «betiko metodoa, naturala» eginez orekatzen duela kontatu digu. OLAko nagusia Bidasoko Erlezainen Elkarteko kidea ere bada, eta sagastiekin batera mantentzen dituen 50 bat erlauntzak kudeatzen ditu sagar-loreen polinizazioa segurtatzeko. Bestetik, ez-urteetako uzta apalak indartzeko, ardiak sartzen dituzte sagastietan belarrak garbitu eta lurra ongarritzeko.
Teknika tradizionalen defendatzaile sutsua da Bengoetxea. Eta tradizioa belaunaldi berriei transmitizeko beharra dagoela dio. Horregatik antolatzen du urtero uzta berriko Sagar Festa, eta urte hasierako txotx irekiera festa ere. Hurrengo sasoiko sagardoa 6 gradu ingurukoa izango dela pentsatzen dute sagardogileek, eta zaporez biziagoa izango dela. Baina momentuz, lehen muztioaren gozoarekin konformatu beharko dira zaleak. Igande hontako hitzordua goizeko 11:30ean eman dute, eta Irungo Meaka auzoko Arantzateko lurretan dagoen XII. mendeko burniola historikoa ez ezik, euskal sagardoaren ondareaz gozatzeko deia luzatu dute. Aurtengo lehen sagar zukua (zizarra) dastatzeko aukera izango da, pintxo, animazio eta haurrentzako tailerrekin batera.