Lakaxita gaztetxea okupatu zutenekoa Jaion kontzertu ibiltariarekin ospatu ohi dute urtero udaberrian. Aldarrikapen desberdinak plazaratzeko aukera izan ohi dute. Oraingo honetan, aldiz, "JaionE" jaialdia ospatuko dute lehendabiziko aldiz udazkenean sartu berri garen honetan. Jaialdiaren formula antzekoa izanik, Jaion festari keinu bat egin diotela ezin ukatu daiteke. Aldiz,"JaionE" jaialdi kuir transfeminista da, eta Irungo kaleak aurreneko aldiz zeharkatuko ditu irailaren 28an. Ondoren Lakaxita gaztetexean festa batekin amaituko da.
Bidean zehar musika eta animazio ugari izango dira. Eta Lakaxita gaztetxean egitarau oparoa antolatu dute: Ay Dragmela, Batxata Kuir tailerra, Alicia Kiss eta Julene Queen, maKeda + Adrien Body + X Plazeratu, eta eguna borobiltzeko Lola Von Polola. Sarrerak 8 eurotan izango badira ere, antolatzaileek iragarri dutenez, prekarizatuentzat 5 euroko prezio murriztua izango dute.
Hilabete askotako lanaren emaitza dela diote, eta "JaionE" auzolanaren emaitza izaki, irailaren 28ko jaialdia ondo pasa dadin ere, denen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute, lan txanda desberdinetan laguntzeko deialdia luzatu dute.