Nestor Basterretxeak hirian utzitako aztarna deskubritzeko bisitak antolatu dituzte Irunen

Koldo Nausia 2024ko urr. 1a, 09:34

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren harira "Basterretxea Irunen" erakusketa eta ekimenak borobilduko dituzten bi bisita gidatu antolatu ditu Irungo Udalak urriaren 5ean eta 20ean. Ezagunak diren sorkuntzak ez ezik, irundarren egunerokoan presente dauden 1958-1971 urtealdiko hainbat elementuk gordetzen duten historia ezagutzeko aukera emango dute.

Nestor Basterretxea Bermeon jaio zela 100 urte betetzen diren honetan, Irun Europako abangoardia artistikoa bilakatu zuen Oteiza-Basterretxearen Iparralde etorbideko tailer-etxeak emandako fruituak ezagutzeko aukera ematen du uztailaz geroztik Menchu Gal aretoak "Nestor Basterretxea Irunen, 1958-1971" erakusketarekin. Nestorrek 1958-1971 urtealdian Irunen emandako urratsen sintesi borobila aurkezten du erakusketak, 23 obra original eta hainbat erreprodukzio biltzen ditu. Haien artean, 7 margolan, 4 collage, 4 eskultura eta beste hainbat argazki, maketa eta diseinu industrial haien artean. 

Urriaren 20ean itxiko du Fernando Golvanok komisariatutako erakusketak. Eta Irungo Udalak azken asteetan haur eta familientzat antolatutako tailerren ondotik, erakusketarekin Nestor Basterretxeak euskal kulturari eta sormenari egindako ekarpen sakona ezagutara emateaz haratago, ezagunak diren sorkuntzak ez ezik, irundarren egunerokoan presente dauden hainbat elementuk gordetzen duten historia ere ezagutzeko aukera emango duten bi bisita gidatu proposatzen dituzte, urriaren 5ean eta urriaren 20ean, «askoren harridurarako».

Basterretxearen aztarnak Irunen

Izan ere, Nestor Basterretxea Iparralde etorbideko tailer-etxean bizi eta lan egin zuen 13 urtetan, aztarna utzi zuen Irunen. Kalean hainbat eskultura, Agirre goxotegiko friso, altzari eta bauhouse diseinuak, Ametsa abesbatzaren logo eta “Karrasia” abesti proiektua edota BIOK altzari sorkuntza tailerra, utzi zituen besteak beste.

Horiek hala, bisita gidatuak Nafarroa hiribideko iturritik abiatuko dira, bere obra baita. Eta Uranzu karrikan barrena, Sarjia parkeraino joango dira, Basterretxea hirigile jardun baitzen bertan. Ondoren, Jenaro Etxeandia plazara igoko dira, Aguirre gozotegiko frisoari eta artistak bertan egindako lanari buruzko azalpenak entzuteko.

Antolatutako bisita gidatuak Oteiza-Basterretxea tailer-etxean egingo dute azken geltokia. 

Jarraian, Iparralde etorbideko 4. zenbakiko eraikina bisitatuko dute, autorea Ander Basterretxea anaia eta arkitektoarekin elkarlanean aritu baitzen han. Eta azkenik, Iparralde hiribideko tailer-etxera joango dira. Luis Vallet de Montano arkitektoak proiektatu zuen, eta Basterretxeak, Jorge Oteizarekin batera esperimentazio tailerraz gain, bizitoki izan zuen.

Iparralde etorbideko tailer-etxea

Bertan bizi izan zen Nestorren seme Gorka Basterretxea txikitan ere. Eta eraikin horrek duen esanahi handia kontuan hartuta, «ezinbestean berreskuratu eta balioan jarri beharra» dagoela aldarrikatzen du. Izan ere, Gaur taldean aritutako abangoardiako artisten sorkuntza gune garrantzitsua bilakatu zen 60. hamarkadan. Aditu askoren hitzetan «santuario» bat ere bada Gorkak dioenez. Horiek hala, Oteiza-Basterretxea tailer-etxea berreskuratzea izango litzateke bere ustetan, urtemuga honekin bezala ezker-eskuin aitari egiten ari dizkioten omenaldien artean, Irunen egin ziezaioketen onena.

Gogoan hartu beharra dago, Irungo Udalak 2007an iada Bidasoko Artisten Museoa bertan egiteko proiektua iragarri zuela, baita PSE-EE alderdiak hauteskundetako herri-programan txertatu ere. Baina urteak joan urteak etorri, abandonu egoera larrian geratu bada, orain ohialez estalita dute, hau berreskuratzeko proiektua noiz egingo dutenaren zain. Cristina Laborda alkateak iragarri duenez, eraikina kontsolidatzeko lanetan ari dira, baina proiektu museistiko bat aurreikusten dute berandu baino lehen bertan egitea. Basterretxearen senideek, aldiz, «museo baino, garai batean izan zen bezala, artista eta sortzaileentzat esperimentaziorako leku bizi bat» nahiago lukete bertan garatu ahal izatea.

Momentuz, Nestor Basterretxeak Irunen bizi eta utzi zuen aztarna ezagutzeko aukera emango dute urriaren 5ean eta 20ean antolatu dituzten bisita gidatuekin. Fernando García Nieto historialariaren eskutik egingo dituzte, gazteleraz, eta izena emateko cultura@irun.org helbide elektronikoan.