Irungo Emakumeen Etxea ate zabalik ordu gehiago

Antxeta Irratia 2024ko urr. 8a, 11:07

Irungo Emakumeen Etxean udalak eta IEEE elkarte kudeatzaileak antolatutako jarduerek jaso duten harrera beroa eta erabiltzaile erritmo ona ikusita, Istillaga plazako egoitzak goizetan 10:00etatik 13:30era, eta arratsaldetan 16:00etatik 20:30era zabaltzea erabaki dute. 

Irungo Emakumeen Etxearen ordutegia luzatzea erabaki du Irungo Udalak. Gaurtik ezarri dute ordutegi berria. Iragarri dutenez, Istillaga plazako egoitzak goizetan 10:00etatik 13:30era, eta arratsaldetan 16:00etatik 20:30era egongo da zabalik. Nuria Alzaga Berdintasun ordezkariaren arabera, hirian etxeak izandako harrera ona izan duela frogatu ahal izan dute, etxearen erabiltzaile erritmo onagatik. Hori dela eta, Irungo Udaleko Berdintasun arloak eta IEEEk (Irungo Emakumeen Etxea Elkartea) ordutegia luzatzea erabaki dute. Era horretan, emakumeen etxearekin duten konpromisoa  «ikustarazi» nahi izan dute. 

Gogoratu beharra dago bigarren ikasturtea abiatu berri duela Irungo Emakumeen Etxeak, eta arratsaldetan elkarte kudeatzaileak proposatzen dituen tailer eta zerbitzuez gain, Irungo Udalak aurten Ahalduntze Eskolaren eskaintza bikoiztu egin duela. Iazko 8 tailerretan plaza guztiak bete ondoren, aurten 13 tailer eta ikastarorekin hasi dute abendua bitarteko udazkeneko ikastaroen txanda.

Bestalde, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako psikologo zein abokatu baten aholkularitza zerbitzua eskaintzen du hitzordu bitartez, eta emakume migratuentzat Tituluen Homologaziorako Aholkularitzarekin batera, generoa, sexualitatea, literatura, gorputza eta buruaren zaintza, autoestimua, dantza edota komunikazio positiboa lantzeko aukera ematen duten profesionalen eskutik, antolatutako jaruderetan parte hartzaileen arteko sororitatea bilatzen dute. 

Pausuko Emazteen Etxea aurki

Irungo Emakumeen Etxeak martxa hartua duen bitartean, urriaren 18tik aurrera ez da Bidasoa-Txingudiko emakume eta elkarte feministen erreferentzia bakarra izango. Iparraldeko mugimendu feministarentzat mugarri izango den Emazteen Etxeak urriaren 18an 18:00etan ospatuko baitu bere ate idekitze ekitaldia. Prozesu parte-hartzaile batetik eratorritako proiektua da honakoa, non Iparraldeko elkarte feminista desberdinak biltzen dituen Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) kolektiboak, Hendaian, Baionan eta Donazaharren bilera bana antolatu zuten iaz, tokiko agintariekin lankidetzan, iritzi eta ekarpenak jasotzeko.

Aurretik ere inkesta bat egin zuen EBA kolaktiboak 2023an, eta 192 emakumeen erantzuna jaso zuten Ipar Euskal Herri osoan. Haietatik %98,4ak emazteen etxea «beharrezkoa, erabilgarria, interesgarria eta aberasgarria» zela adierazi zuten. Era berean, 124 pertsona aurkeztu ziren etorkizuneko egituran boluntario gisa laguntzeko.

Horiek hala, Ipar Euskal Herriko lehendabiziko Emazteen Etxea Urruñako Pausu auzoan zabalduko ditu ateak. Hilabete luze daramatzate Iparraldeko emakume elkarte eta eragile feminista desberdinek proiektua martxan jartzeko gogoeta eta bilkura desberdinetan murgildurik. Eta joan den ekainean Biltzar Nagusi Eratzailea egin ondotik, irailan ateak zabaldu aurreko azken bilkura informatiboa egin zuten.