Irungo EAJ-PNV-k Xabier Iridoy Olaizolak bere etapa politikoa amaitutzat eman du gaur, Irungo udal korporazioan zinegotzi karguari uko eginez. Goizeko 9:30ean ospatutako Ez Ohiko Udal Osoko Bilkuran EAJ udal taldeko Jose Enrique Corchon Alvarez eta Urkiri Salaberria Graciak ere uko egin diote euren zinegotzi aktari. Hauteskunde Batzordeak agintzen duen moduan, 2023ko udal hauteskundeetan Irungo EAJk aurkeztu zuen zerrendaren arabera hartuko dute zinegotzi kargua hauen ordezkoen udalkide berriek.
Udalak agiria bidali beharko du Hauteskunde Batzorde Zentralera, eta hurrengo Ohiko Udal Osoko Bilkuran hartuko dute beren zinegotzi karguak Irene Kastezubi Arellano, Maria Teresa Cortina Crespo eta Carlos Santiago Martin Oronozek.
Irundarrak lehentasunetan
Iridoyren kasuan, 2011 urtean hartu zuen zinegotzi kargua, eta Irungo alkategai 2015ean aurkeztu zuten jeltzaleek lehen aldiz. Joan den uztailaren 10ean Irungo Batzokian EAJ udal taldeak egindako agerraldian irudikatu zuten dagoeneko belaunaldi aldaketa. Jelkideek udal hauteskundeetatik urtebetera alderdian lemakolpea eman, eta 2011az geroztik jeltzaleen bozeramale izan den Xabier Iridoyk bere etapa politikoaren amaiera iragartzearekin batera, haren lekukoa Gorka Alvarezek hartu zuen egun hartan.
Hilabeteotan zinegotzi kargua mantendu du Xabier Iridoyk, baina gaur eman du bere azken agurra, udalgintzan ibilbide luze baten ondotik. Hirigintza eta Etxebizitza arloko ordezkari ere izan zen 2015-2018 urteen artean, PSErekin udal gobernu koalizioa apurtu zen arte. Gaur herrikideen zerbitzura emandako urteak eskertu ditu Iridoyk, eta bere «lehentasuna beti Irun eta irundarrak» izan direla azpimarratu du.
Nabarmendu beharra dago, gaur EAJ udal taldean aldaketa sakonagoa eman dela. Izan ere, Xabier Iridoyk karguari uko egitearekin batera, Jose Enrique Corchon Alvarez eta Urkiri Salaberria Gracia jeltzaleek ere gauza berbera egin dute, Eusko Jaurlaritzan hartu dituzten ardurak direla medio. Jose Enrique Corchonen kasuan, Irungo udalkide izan da 2011az geroztik, baina Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Aurrekontuetako kontseilariorde izendatu zuten uztailan, Hernando Lacalleren ordez. Eskarmentua badu halako funtzioetan, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantza eta Aurrekontu zuzendaria izan da 2015az geroztik. Baina udalgintzan 13 urtez «momentu onak eta beste batzuk txarrak» eman ondoren «orrialde bat pasatzeko garaia» iritsi zaiola aitortu du.
Corchonek, bi izen propio nabarmendu nahi izan ditu bere azken hitzartzean. Miren Guezuraga jelkide eta zinegotzi ohia, 2023ko uztailaren 4an zendu zena. Eta Xabier Iridoy bera, «zerbitzari publiko eredugarria» dela azpimarratu du, «une latzak izan arren ez zenuen inoiz iparra galdu, eta meritu handikoa zara» esan dio.