Gaintxurizketa gune segurua bilakatzeko «behin-behineko neurriak» hartuko ditu Foru Aldundiak

Antxeta Irratia 2024ko urr. 10a, 12:40

Aurten GI-636 errepidearen puntu beltz horretan autoek harrapatuta bi oinezko hil direla aintzat hartuta, bide bazterretik ibili behar ez izateko neurriak hartuko dituzte. Gune segurua bilaka dadin proiektu definitiboan, aldiz, Lezoko Udala eta Euskotren Sarearekin batera, pasabide goratu bat eraikitzea aurreikusten dute, baita argiztapena, seinaleztapena eta autoen abiadura kontrolatzeko radar bat ezartzea ere. 

nagusian emandako 

Gaintxurizketako bizilagunak astelehenean "GI636 Hil Egiten Gaitu!" lelopean mobilizatu ondoren, atzo (urriak 9) aztertu zuten bertako segurtasuna hobetzeko eskaera Gipuzkoako Batzarretan. GI-636 errepidean Gaintxurizketan soluzio definitiboaren proiektua bideratzen duten bitartean, auzokideek exijitutako «behin-behineko neurriak» berehala jartzen hasiko da Foru Aldundia.  Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak iragarri duenez, behin betiko proiektua garatu bitartean neurriak hartuko dira, bizilagunek eskatu bezala. Azaldu dutenez, segurtasuna hobetzeko aldi baterako pasabide bat jarriko dute  «oinezkoentzako sarbideak hobetzeko, errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko eta bide bazterretik ibili behar ez izateko» .

Soluzio definitiboari dagokionez, Gaintxurizketako gainetik abiatuko den pasabide goratu bat eraikitzea aurreikusten da. Gainera, Lanbarren eta Lintzirinekin lotzeko ibilbidea egiteko aukera aztertuko dute, oinezkoen lotura hobetzeko asmoz. Horretarako, Foru Aldundiak, Lezoko Udalak eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) lankidetza protokolo bat adostu dute, lehen neurriak garatzeko.

Iragarri dutenez, gune seguru bat jarriko dute Salva enpresara eta Ferrene ingurura oinezkoentzako sarbidea errazteko. Horretarako, 150 metroko tarte batean igoerako bi erreietako bat kentzea aurreikusten da, eta hura oinezkoentzako erabilerara bideratzea, Ferreneko bizilagunak pasabide horretara heltzea erraztuko duena. Horrekin batera, seinaleztapena, argiztapena eta bidearen balizamendua indartuko dute. Eta ohartarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin lanean ari dira, inguru horretan abiadura kontrolatuko duen radar bat jartzea baloratzeko.