Aste honetan jarri dute martxan Eskola Kirola programa Irungo ikastetxeetan, baita Irungo kirol klubek benjamin mailako kirol eskolak hasi ere. Aldiz, kirola egiten duten Irungo nesken kopuru apalarekin arduratuta, Parean elkarteak, Colon pasealekua aire zabaleko kiroldegia bilakatuko du urriaren 20an, Irungo Udalarekin elkarlanean bigarren urtez antolatzen duten "Kirola Par(T)ekatuz" Igande Sasoi berezian.
Egoera zein den ikusita, azken urteotan hainbat azterketa eta diagnostiko egin ondoren, neskek kirola gehiago egin dezaten helburu duen ekintza plana martxan jarri zuen Irungo Udalak iaz. Eskola Kirolari dagokionez, hiriko ikastetxeekin eta Parean elkartearekin elkarlanean aritu dira. Kirol klubekin batera ere, emakumeek eskura daukaten kirol eskaintza anitzaren gida osatu zuen Parean elkarteak, eta aurten hau eguneratu egin dute.
Eskol Kirola programaren kasuan, Irunen nesken duten parte hartze apala hobetzeko aldaketak egin dituztela aipatu digu Goizeko Kafean, Parean elkarteko Oihana Llorentek. Izan ere, 2022 urtean egindako azterketan Gipuzkoan nesken %68ak parte hartzen zuen bitartean, Irunen datuak kezkagarriak ziren. «Irunen nesken %16a besterik ez, eta Eskola Kirolan matrikulatutako haur guztien %23a suposatzen zuen. Beraz, Udaleko Eskola Kirolaren Mahaian pentsatu genuen Gipuzkoako eredua jarraitzea talde ez mixtoak antolatuz, eta emaitza okerragoak lortzea zaila zenez proba egitea», dio Llorentek. Horrela, Gipuzkoako beste herrietako esperientzietatik ikasiz, neskei euren espazioa eskaini eta neskak kirolera gerturatu nahian, konfiantzazko eremuak sortzen eta haien ahalduntzeko lanetan dihardute.
Orohar, 6-12 urte bitarteko nesken parte hartzea hobetu dela ondorioztatu dute iazko datuek talde ez mixtoen formularekin. Irungo 10 eskoletatik lautan sortu zituzten nesken taldeak lehen urtean, Txingudi Ikastolan, Toki Alai, Elatzeta eta Eguzkitzan. Eta prebenjaminetan (LH1 eta LH2) Jolas Hezi programan parte-hartzea neska zein mutiletan apaldu bazen ere, Eskola Kirolan aritutako LH 3 eta LH4ko 448 ikasleen artean, 2023ko 92 nesketatik 137ra pasa zen 2024an. Hirugarren zikloko programan izena emandako 470 ikasleen kasuan ere (LH5 eta LH6), 82 izatetik 110era emendatu zen nesken parte-hartzea. Nolanahi ere, urteak beharko dira ondorio garbiak ateratzeko. Eta aurten Irungo ikastetxeek aldaketari segida ematea erabaki dute.
Kirol klubekin lankidetza
Hala ere, ikasturte berria abiatuta, Igande Sasoi berezia antolatu du Parean elkarteak urriaren 20ean sentsibilizatzen jarraitzeko, eta emakumeen kirol eskaintza ikustarazten jarraitzeko. «Kirol kluben harrera oso ona izaten ari da, iaz 16 klub elkartu ziren eta osatu dugun gidan dauden kirolak probatzera neskato pila bat hurbildu ziren, oso pozik geratu ginen», dio Parean elkarteko kideak. Horregatik aurten errepikatzea erabaki dute, emakumeen kirol eskaintzaren gida ere eguneratu egin dutela kontuan hartuta (www.parean.eus ataria dago eskegita).
Iaz futbol talderik ez zen egon, eta aurten Mariño-Real Union egongo da. Eta aurtengo zerrenda anitza da. Zabaltza plazan eta Colon ibilbidean Kirola Par(T)ekatuz ekimenean parte hartuko duten kirol kluben artean, CD Bidasoa, Txingudi Eskubaloia, Bidasoa Atletiko Taldea, Mayumi volley taldea eta Mayumi judo, Txingudi Errugbi Kluba, Lur Alai Squash Kluba, Irungo Txirrindulari Elkartea, Erroibide saskibaloia, skate surfa, hipika... eta kirol egokituari ere lekua egingo diote. Hortaz gain, zumba klase bat emango dute, eta balleta ere egongo da presente.
Izan ere, Parean elkarteari ez zaio oharkabean pasatzen, Irun-Hondarribian balletak ez ezik, bereziki dantza moderno edo garaikidearen akdameia eta eskolek azken hamarkadan bizi izan duten loraldia. Gaur egun 1.800 haur eta gazte inguru dira, eta %99a neska da. Beste kirol batzuetan hain parte-hartze apalaren arrazoietako bat ere izan daiteke honakoa. «Argi dago beste eskualde batzuetan baino indar handiagoa hartu duela dantzak hemen, eta ongi dago, hori ere jarduera fisikoa baita. Zerbait ondo egin dute, eta beharbada haien eredua kontuan hartu beharko genuke Eskola Kirolaren eskaintzaren barruan txertatzeko», argitzen du Oihana Llorentek.