2023ko maiatzaren 28an ospatutako udal eta foru hauteskundeez geroztik, Irungo EAJ udal taldeak hainbat aldaketa esanguratsu izan ditu, bai barne mailan, baita PSErekiko negoziazioen esparruan ere. Aste honetan bertan irudikatu dute hori Ez Ohiko Udal Osoko Bilkuran zazpi zinegotzi jeltzaleetatik hiruk euren karguei uko eginez, eta Gorka Alvarezek Xabier Iridoyren lekukoa hartuz udal taldearen bozeramailetzan.
Aldiz, lemakolpe politikoa PSErekin negoziaketetan eman da gaur. Eta aurretik geratzen den agintaldian Irungo udalgintzan eragin dezake nabarmen. Irungo Batzokian Gorka Alvarez berak eta Irungo EAJren Udal Batzordeko presidenta Jasone Ugartek egindako agerraldian aditzera eman dutenez, «EAJ-PSOE alderdiek estatu mailan adostutako akordio markoan hartutako konpromisoak bete ditu Irungo EAJk orain arte, 16 hilabeteotan bi alkate sozialisten (Jose Antonio Santano lehen eta Cristina Laborda gero) inbestidurak, tasak eta zergak edota aurrekontuen onarpena ahalbidetuz». Aldiz, gobernu koalizio baten negoziatzeko sozialistek agertutako «borondate politiko falta» dela eta, negoziaketa prozesua etetea erabaki dute jeltzaleek.
Negoziazio luze eta geldiak
Horrenbestez, «Irungo EAJ gaurtik aurrera oposiziora pasatzen da». Eusko Jaurlaritzan, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostia ala Zumarragako udaletan akordioa bete bada ere, «Irunen ezinezkoa izan da beste herri eta erakunde batzuetan lortutako akordioa adostea», argitu du Gorka Alvarezek. Eta beraz, Irunen izandako udal hauteskundeetako emaitzen ondorioz osatu zen PSEren gutxiengo gobernua «bakardadean eta ahul» jarraitu beharko du. Jeltzaleek oposizio eraikitzailea egingo dutela iragarri dute, ez daudelako «inorren kontra, irundarren alde baizik», baina gobernu akordio bat lortzeko negoziazioetan sozialistek agertu duten jarrera eta interes faltak hondatu ditu akordio posible batentzat balizko aukera guztiak. «Denbora amaitu egin da», azpimarratu du Alvarezek.
Negoziazio prozesua luzea izan bada ere, «edukietan hutsala eta azaleko solasaldietan» besterik ez dela oinarritu leporatu diete jeltzaleek sozialistei. Xabier Iridoy EAJko bozeramale zela hainbat bilera egin ondotik, joan den uztailan Gorka Alvarezek alderdiaren buruzagitzan haren lekukoa hartu zuenetik iragan diren hiru hilabeteotan sarri elkar ikusi dute sozialista eta jeltzaleek elkar. Kontatu dutenez, abuztuaren 5ean lortu zuten aurreneko bilera. Bertan, aurrekoetan bezala, EAJ-PSOE akordio markoari jarraituz, «gobernu proposamen eta gobernagarritasun programatiko» zehatza proposatu zezatela galdegin zioten jeltzaleek PSE udal taldeari. Eta irailaren 5ean eta 20ean aurrerapausorik eman gabe bilkurak errepikatu eta gero, irailaren 23an erantzun zuten sozialistek. «Emailez erantzun zuten dokumentu batekin», esplikatu du Alvarezek, «eta proiektu estrategiko batzuen zerrendaz haratago, ez zuten gobernu proposamen zehatzik egin». Horren ondorioz, eta udal gobernuan den PSE udal taldeak «gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartu duela ulertuta, gobernu koalizioan aritzeko genituen aspirazioak ahaztu eta oposizioaren parte sentitzen» direla aitortu du Alvarezek. Hau asumituta, Irungo EAJk aldaketa garrantzitsuak egin dituela oroitarazi dute, eta «Irun eta irundarren beharrak asebetetzeko proiektu berrian» lan egiteko konpromisoa adierazi du.
Zentzu honetan, «Irungo hiriak dituen erronka handiei aurre egiteko, udal gobernu sendo bat osatzeko aukera galdu» egin dela nabarmendu du Josune Ugartek. Jeltzalearen ustetan, 20 urtez gauzatu gabe dauden proiektuak bururaino eramateko premia dago, eta horretarako akordio zabalak behar direla uste du. Haatik, Irungo Udal Gobernu sozialistak beste lehentasun batzuk dituela aditzera eman du. Izan ere, 16 hilabeteko negoziazioen ondotik, Irungo PSEk EAJri helarazi dion proposamen agirian, lau proiektu estrategiko jarri ditu gobernu koalizioa negoziatzeko ezinbesteko baldintza bezala.
Antxeta Irratiak jakin duenez, horien artean Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruztatu beharko lituzketen Via Irun, Hegoaldeko Sahiesbidearen bigarren fasea edota Ficobako IAM pabilioi erabilanitza daude. Baina Gorka Alvarezek argi utzi du, Cristina Laborda alkateak erabili duen «o conmigo o contra Irun» leloaren jokoan ez direla jeltzaleak murgilduko. «Proiektu zehatzak eztabaidatzeko prest gaude, baina lau proiektuk ezin dute Irungo Udalaren gainerako kudeaketa guztia baldintzatu», argitu du, «lehentasunak zeintzuk diren argitu beharko dute sozialistek Irunen».
Gauzak horrela, 2025eko udal aurrekontuen negoziaketaren atarian, eta urriko Udal Osoko Bilkuran tasak eta zergak onartu beharko diren honetan, eszenatoki politikoa aldatu berri da Irunen. «Legealdia aurrera doa, eta arduraz jokatu dugu, bigarren aurrekontuen negoziazio dator, eta denbora epe muga bat ezarri beharra zegoen», aitortu du Josune Ugartek. «Ez goaz oposiziora, oposiziora bultzatu gaituzte», argitu du.