Euskara eta euskaldunen kontrako beste sententzia bat onartu dute epaitegiek. Honakoan, Donostiako epaitegi batek emandako ebazpena bada ere, Iruni ere eragiten dio. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren adinekoen zaintza zerbitzuak kudeatzen dituen KABIA erakunde autonomoaren hizkuntz eskakizunak dituen ebazpena plazaratu dute epaileek. Oinarrizko eskubideen urraketa salatu zuten bertako bi langilek aurkeztutako salaketaren ondoren iritsi da epaia, 2022an 54 zaintzaile egonkortzeko egindako prozesuan eskatutako hizkuntz profila dela eta. Epaileak dio «neurriz kanpokoak direla».
Ebazpenari helegiteak jartzeko epea zabalik dago oraindik, eta beraz, ez da behin betikoa. Baina erabaki horrek Iruni zuzenki eragingo diola salatu dute AEKk, Aitzondo Irungo Euskara Elkarteak, Betti Gotti Euskara elkarteak, eta Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak. «Euskararen normalizazioaren kontra doalako, eta euskal hiztunon kontrako eraso berri bat» den heinean, mobilizatzera deitu dute.
Gogoan hartu behar da, hainbat izan direla halako epaiak azken urteetan. Eta 2023ko azaroaren 4an dozenaka mila pertsona elkartu zirela Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurrerabideen kontra plazaratu dituzten epaiak eta euskararen aurkako oldarraldia salatzeko deitu zuen manifestazioan.
Epaia horietako lehena 2021ean Irunen eman zen. Hain justu, Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoan (LEP) hizkuntza eskakizunak bertan behera uztearen alde egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak. «Euskaraz ez dakitenentzat diskriminatzailea» zela argudiatu zuen orduan epaileak. Irungo Udalak kasazio helegitea jarri zuen ebazpenaren aurka EAEko Auzitegi Nagusian eta Espainiako Auzitegi Gorenean. Haatik, azken horrek forma akatsa egotzita, ez zuen tramitera onartu Irungo Udalaren helegitea.
Garai hartan bezala, oraingoan ere euskal hiztunon oinarrizko hizkuntz eskubideen defentsan mobilizatzera deitu dute. Elgarretaratzea hilaren 29an egingo dute 19:00etan Irungo San Juan plazan.
Beñat Alzaga, Irungo AEKko koordinatzailearekin hitzegin dugu.