Aurtengo Beldur Barik gala berezia izan da Ficoban. Emakundek bultzatutako ekimenaren hamargarren edizioa betetzearekin batera, Asun Casasola Ipuin Lehiaketak ere hamarkada betetzen du, eta bere burua aurkeztu ahal izan zuen bertan, eta Nagore Laffagen erailketa eta ondoko urteetan haren amak Asun Casasolak eraman duen borroka etengabea erakusteko bideo bat aurkeztu zuen Parean elkarteak. Ipuin lehiaketaren aurkezpenean iragarri zuten bezala, Asun Casasolari omenaldi txiki bat egin nahi izan diote aurten ekitaldia aprobetxatuta. Era berean, ipuin lehiaketaren antolatzaileek, aurten gazteei zuzendu zatzaizkie parte hartu dezaten animatuz, eta Beldur Barik ekitaldia aproposa izan da horretarako, Ficobako aretoa ia bete egin baitzen larunbatean.
Beldur Barik lehiaketaren helburua «indarkeria matxistako ekintzak eta jarrerak prebenitzea» izanik, «errespetuan, tratu onean eta berdintasunean oinarritutako harremanak» sustatzen dute askotariko ekimenen bidez, gazteen sormenari deia eginez. Gazteek egindako bideoak dira horren irudiko. Aurtengo irabazleak hauek izan dira: Irun Beldur Barik Sari Nagusia (Lehenengo kategoria): "SAFARI FEMINISTA" - Hirubide BHI eta Irun Beldur Barik Sari Nagusia (Bigarren kategoria): "GIZARTE MATXISTA METAFOREN ARABERA" - Irungo La Salle BHI. Bi irabazleek 400 euroko saria eskuratu zuten, eta gainerako parte hartzaile guztiek 100 eurokoa.