Irungo euskalgintzak (Irungo AEK, Aitzondo Irungo Euskara Elkarteak, Betti Gotti eta Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak) elkarretaratzea deitu du abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, 19:00etan San Juan plazan. “Harro Gaude, Ez Konforme” lelopean, joan den martxoaren 14an KORRIKAren abiatzearekin plaza harrotasunez bete zen bezala, oraingoan ere herritarrak aktibatu nahi dituzte. Hala ere, oraingoan ez dago deus ospatzeko. «Urriaren 29an oldarraldi judizialaren kontrako enegarren elgarreratzean bezala, oraingoan Kontseiluak eginiko adierazpenari jarraituz, euskarak bizi duen larrialdi linguistikoa salatu nahi dugu», argitu du Beñat Alzagak Irungo AEKko zuzendariak.
Azken datuen arabera, euskal hiztunen %17ak baizik ez du bere egunerokoan euskara gehiago erabiltzen erdara baino. Irunen euskararen erabilera %8koa da egindako azken inkesten arabera, euskal hiztunen kopurua %41ekoa denean. Hondarribian, aldiz, herritarren %74ak daki euskara, baina %16koa zen erabilera soziala Klusterrak 2021ean egindako azken kale-entzuketan. «Ez dugu erabilera apalaren ardura euskal hiztunon gainean ezarri nahi, euskaraz bizitzearen hautua modu kontzientean hartu baitute, eta estres lingustikoaren zama pairatzen dute egunero euskaraz bizi nahi horretan», argitu du Irungo AEKko zuzendariak, «baina agintariei dagokie hizkuntza politikak kolpatzen ari diren epai judizialen aurrean, eta hizkuntza hegemonikoen aurrean euskara behar bezala babesteko neurriak hartzea».
Horiek hala, abenduaren 3an larrialdi linguistikoa salatu eta eraso guztien gainetik euskararen aldeko aldarria plazaratzeko deia luzatu diete irundarrei. «Euskaraz dakitenei, eta ez dakitenei ere eskatzen diegu batu daitezen, irundar guztion hizkuntz eskubideak daudelako jokoan» dio Alzagak.
Dena den, helburua ez da egun batez aldarrikapenei oihartzun ematea eta kitto. Abenduaren 3ko elkarretaratzea mugarri bat izan nahi du: «Argi gelditu da Irungo euskaldunok batu egin behar dugula, denok elkarrekin arraun egin behar dugula, eta abenduaren 3an urtea bukatzear egongo da, baina Irungo euskalgintzaren fase berri baten aurrean egon gaitezke, eta aurrera begira jarri nahi dugu», iragarri du. Zentzu horretan, itxaropentsu dago Irungo euskalgintza. «Haizea ez dugu alde, baina herria alde dugu eta agintariek ulertu beharko dute gizarte eleanitz honetan euskarak bere lekua behar duela», azpimarratzen du.