Irungo arlo askotariko 35 eragilek izenpetutako “Aski Da ! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu” komunikatuari erantzunez, Irungo Udalak barkamena eskatu du euskararen presentzia eskaxarengatik Eguberriko argiak pizteko ekitaldian. Erantzun bat ematera behartuta ikusi du bere burua PSEren udal gobernuak. Pasa den abenduaren 4ko ekitaldiak hirian «euskararen presentzia eskaxaren harira erreakzio ezberdinak sorrarazi» dituela aitortzen baitu Udalak, eta «iritzi honetatik kanpo ez dagoela» argituta, bilera bat deitu du abenduaren 11 honetan, asteazkenarekin, 19:00etan. Udal areto nagusian elkartu nahi dituzte udal ordezkariek komunikatuaren 35 izenpetzaileak ez ezik, abenduaren 4ko ekitaldian parte hartu zuten eragileak ere «beren iritziak entzun ahal izateko». Barkamenak eskatzearekin batera, Irungo Udalak halakorik berriro gerta ez dadin konpromisoa hartzen duela azpimarratu du ohar labur baten bidez.
Antxeta Irratiak jakin izan duenez, bilera horretara udalak komunikatuari atxikimendua adierazi dioten eragileei ez ezik, beste guraso elkarte eta auzo elkarte guztiak ere deitu ditu. Gogoan hartu beharra dago, Irungo euskalgintza, kultura, kirola, feminismo edota sozial arloko elkarteekin batera, hiriko zazpi eskola publikotako guraso elkartek eta Irungo 18 auzo elkarteetatik 9k bat egin dutela euskararen aldeko adierazpenarekin.
Gauzak horrela, eta udalak biltzeko emandako epe laburraren ondorioz, 35 eragile interesatuen parte hartzea bermatzea ezinezkoa den heinean, sinatzaileek bilera atzeratzea eskatuko diote udalari. Aldi berean, Antxeta Irratiak baieztatu duenez, sare sozialetan bolo-bolo dabilen aipatutako adierazpena babesteko nahia adierazi dute eragile gehiagok azken orduetan.
Eragina udaletxean eta kanpoan
Aurrekari gutxi izango ditu 35 eragile hauek lortu duten euskararen aldeko aldarriaren oihartzunak Irunen. Baina ez da udalak jaso duen kexu bakarra. Beste ekimen bat ere zabaldu baita udalak herritarren eskariak jasotzeko duen plataforma elektronikora irundarrek modu partikularrean kexak helarazteko. Eta izan duen oihartzunaren lekuko, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak abenduaren 4an gertatutako «onartezina» dela salatu du.
Udalean, aldiz, oposizioan diren EAJ eta EH Bildu udal taldeek ere kritikatu dute «euskararekin begirune falta». EAJk kexa formala aurkeztu zuen joan den ostiralean bertan, eta argiak pizteko ekitaldiaren antolakuntzak izan duen 13.200 euroko kostua aintzat hartuta, euskarak ekitaldi publiko orotan merezi duen presentzia exijitu dio udal gobernu sozialistari. EH Bilduk bere partetik, sare sozialetan salatu du gertatutakoa: «udaletik antolatzen diren ekimenetan euskararen zainketa minimorik ez da egiten, eta euskaldunak, berriro ere, bigarren mailako hiritar sentitu behar gara gure etxean. Lotsagarria eta onartezina».