Be Veggie azoka %100 begetalak 6.500 bisitari jaso ditu Ficoban

Antxeta Irratia 2024ko abe. 10a, 13:20

Jaialdi beganoaren azoketan bisitarien %80ak erosi zuen zerbait, eta antolatutako jarduera paraleloetan 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, hitzaldi, showcooking saio eta tailer desberdinetan.

Ficobak Be Veggie azokaren balorazio baikorra egin du. Azoka bat baino gehiago, antolatutako musika emanaldi, hitzaldi eta tailerren programazioa kontuan hartuta jaialdi gisa aurkeztu dute aurtengoa. Eta joan den asteburu luzean eguraldiak lagundu ez badu ere, %100 begetala den azokak bere erreferentzialtasuna sendotu egin duela azpimarratu dute. Orotara 6.500 bisitari jaso ditu bere seigarren edizio honetan. Eta espainiar estatuan 452 milioi euroko fakturazioa sortzen duen sektorearen lekuko, Euskal Herrian ere beganismo eta kontsumo jasangarriaren sektorea zabaltzen doala diote. Izan ere, antolatzaileek egindako inkestaren arabera, bisitarien %80ak aitortu du azokan produkturen bat erosi duela.

Aurtengo bisitarien %77a gipuzkoarra izan da, 10etik 4 Bidasoaldeko. Baina azokara espreski etorri dira Iparraldetik (%7,8), Bizkaia (%5) eta Nafarroatik (%4) ere. Bestalde,  Be Veggie jaialdiko jarduera paraleloetan 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, hitzaldi, showcooking saio eta tailerretan.