Herritik sortu den euskararen aldeko aldarria irmoki babesten du Irungo EAJk

Koldo Nausia 2024ko abe. 10a, 11:55

Irungo Udalari zuzendutako “Aski Da ! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu” komunikatuaren izenpetzaileek alderdi politikoak zerrendatik at utzi dituzten arren, EH Bilduk bezala, Irungo EAJk ere bere sustengua adierazi du gaur Gorka Alvarezek Antxeta Irratian egindako elkarrizketan. «Irun hain anitza izanik, euskararen inguruan hainbeste eragile desberdin herritik batu izana oso berri ona da» bozeramale jeltzalearen arabera. 

Irungo Udalak barkamena eskatu du abenduaren 4ko ekitaldian euskararen presentzia eskaxarengatik. Eta barkamenak eskatzearekin batera, Irungo Udalak halakorik «berriro gerta ez dadin konpromisoa» hartzen duela azpimarratu du ohar labur baten bidez. Irungo EAJ udal taldea ez da fido, eta «hemendik aurrera berriro gertatzen ez ote den ikusi beharko» dela dio Gorka Alvarez jeltzaleen bozeramaleak. Gogor kritikatu du udalak gabonetako argiak pizteko ekitaldian udalak agertu zuen «euskararekin begirune falta», baina arazoa egun horretan gertatutakoa baino sakonagoa dela azpimarratzen du. 

Egunean berean, San Juan plazan bildutako irundar asko eta askoren harridura beretsua sentitu zuela aitortu digu Alvarezek. «Beste edozein irundar bezala plazan nintzen nire alaba txikiekin, eta zein izan zen harridura ekitaldi osoa espainol hutsean egin zutela, eta alkateak berak bi hitz besterik ez zituela egin, eta erdaraz ere». Kontratazio publikoetan (ekitaldiaren antolakuntzarako soilik 13.200 euro bideratu ditu udalak) irundar guztien hizkuntza eskubideak bermatu daitezela eskatzeko, eta abenduaren 4an zer gertatu zen argitzeko kexa formala aurkeztu zuen biharamunean (abenduak 5, ostirala) EAJ udal taldeak. «Oraindik ez dugu udal gobernuaren partetik erantzunik jaso», salatzen du Alvarezek. 

Gogoratu beharra dago, EH Bildu udal taldeak ere salatu egin duela gertatutakoa: «udaletik antolatzen diren ekimenetan euskararen zainketa minimorik ez da egiten, eta euskaldunak, berriro ere, bigarren mailako hiritar sentitu behar gara gure etxean. Lotsagarria eta onartezina», plazaratu dute sare sozialetan.

Herritik piztutako aldarriarekin bat

Baina udalgintzatik harago doan kezka dela agerian geratu da euskararen auzia Irunen. Herritarren %41 euskalduna bada ere, Siadecok egindako azken azterketen arabera %8ak baizik ez du egunero euskaraz hitz egiten. Eta hiriko 8.000tik gora ikasleen %95a euskaraz eskolatua bada ere, kaleko erabilera apalak eragina du haur eta gazte askoren maila akademikoan. Horrexeagatik ere, EAJren ustetan «ulergaitza» da haur eta familiei zuzendutako gabonetako irekiera ekitaldi batean euskara horrela baztertu izana. 

Udalak azken urteetan eraman duen hizkuntza politikak euskalgintzaren kezka piztu izan du hamaika alditan. Baina oraingo honetan, arlo askotariko 35 eragilek izenpetutako “Aski Da ! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu” komunikatuari erantzun bat ematera behartuta ikusi du bere burua PSEren udal gobernuak. Aurrekari gutxi izango ditu 35 eragile hauek lortu duten oihartzuna. Eta horregatik ere pozik azaldu da Irungo EAJko ordezkaria. «Irun oso anitza da, eta euskaraz bizi nahi dugula mezuaren inguruan hainbeste eragile desberdin batu izana oso berri ona da», dio Gorka Alvarezek, «orain ikusi beharko da zein neurri hartuko diren edo zer ibilbide egiten duen».

Nolanahi ere, Irungo EAJk adierazpenarekin bat egiten duela argitu du, eta gizarte eragileen eskutik, herritik sortutako dinamika izateak duen garrantzia azpimarratu du Antxeta Irratian. Zentzu honetan, izenpetzaileen artean dagoen irrati-elkarte honetan jakin izan dugunez, 35 eragile horietaz gain, sare sozialetan bolo-bolo dabilen adierazpena babesteko nahia adierazi dute beste hainbat eragilek azken orduetan.