Oihana Briones

«Positiboa da "aski da!" esateko eragile anitzak batu izana, euskara aniztasun horretan Irunen josketa lana egin dezakeen tresna baita»

Koldo Nausia 2024ko abe. 11a, 12:24

Gabonetako argiak pizteko ekitaldian euskararen presentzia mugatua ez da udalaren jardunean zerbait berria Irungo EH Bilduren ustetan. Oihana Brionesek hilabeteak daramazki udal gobernuari euskararen aldeko jokaera garbia erakuts dezan eskatuz, eta orain herri eragileen "Aski Da!" adierazpenaren aurrean, barkamenak eskatzeaz gain udalak zer egin beharko lukeen argi du: «eragile hauek entzun, eta eragile hauek ulertzen badute gauzak sakon lantzeko premia dagoela, haien zerbitzura jarri, haiekin batera euskarari behar duen lekua emateko lanean jarri».

Irungo arlo askotariko 35 eragilek izenpetutako “Aski Da ! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu”  komunikatuari erantzunez, Irungo Udalak barkamena eskatu zuen atzo euskararen presentzia eskaxarengatik Eguberriko argiak pizteko ekitaldian. Baita «berriro ez gertatzeko konpromisoa» hartu ere. Baina aldi berean, asteazken honetarako bilerara deitu ditu eragile hauek 19:00etan udal areto nagusian. Aldiz, hauek ez ezik, komunikatua izenpetu ez zuten beste eragile anitz ere deitu ditu udalak bilera horretara. Auzo elkarte guztiak eta eskola publiko zein pribatuetako guraso elkarte guztiak ere.

Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udalak salatu duten elkarteetariko askok bilera atzeratu dezala eskatu dute. Baina udalak aurrera egin du. Edozein kasutan, eragileen gehiengoak ez du gaurko bilera horretan parte hartuko. «Urtetan luzatutako egoera baten isla baino ez dela izan abenduaren 4ko ekitaldia» adierazi du Argian Txingudi guraso elkarteak, eta euskararen egoera konpontzeko beharrezkoak ulertzen dituzten hizkuntza politikak eta neurriak «sakon eta patxadaz» heldu nahi diotelako.

Udala herriaren zerbitzura jarri

Aurrekari gutxi izango ditu 35 eragile hauek lortu duten euskararen aldeko aldarriaren oihartzunak Irunen. Gainera, Antxeta Irratiak jakin izan duenez, “Aski Da!” delako komunikatua izenpetu duten 35 eragileei beste laupabost batu zaizkie azken orduetan. Eta saretzen doazten horretan, udalak gaur deitutako bilera haien beharrak asetzen ez dituzten heinean, ez dute parte hartuko.

Goizeko Kafean, EH Bildu udal taldeko bozeramalea Oihana Briones izan dugu gaur gonbidatu. Eta berak argi du udal gobernuak zer egin beharko lukeen orain: «Beti esan dioguna udalari, egin behar duena da eragile hauek entzun, eta eragile hauek ulertzen badute urgentzia baino garrantzia duela, eta gauzak sakon lantzeko premia dagoela, egin behar duena da eragile hauen guztien zerbitzura jarri. Eta hauekin batera euskarari behar duen lekua eta bultzada emateko lanean jarri». Izan ere, udalaren papera ezinbestekoa dela dio EH Bilduk, eta Irungo udal gobernuari euskararen aldeko jokaera garbia erakuts dezan eskatzen dio. 

EH Bilduren ustez ez da zerbait berria abenduaren 4ko ekitaldian gertatutakoa. «Udalak antolaturiko ekimen batean euskararen presentzia mugatua izatea ez da berria, baina kezkagarria da azken hilabeteetako haurrentzako antolatu den ekitaldirik handienean euskarazko hitzik entzun ez izana». Brionesenek dioenez, «berri pozgarria da azken egunetan sonatua izan den hainbat elkarteren aldarria». Eta bereziki anitza delako: «Argi daukagu aniztasun hori oso positiboa dela adierazpen honetan, Irun anitza delako, eta euskara bada aniztasun horretan josketa lana egin dezakeen hizkuntza bat. Kualitatiboki jauzi bat da, udala aurreraka doa, baina gizartea suertez badoa beste abiadura batean, eta geroz eta jende gehiagok ulertzen du euskara badela eskubide bat, ondarea, eta Nafarroarekin, Iparraldearekin eta Gipuzkoarekin ere lotzen gaituen zerbait dela, eta irundarrak eskubide hori bermatuta izan behar duela», argitu du EH Bilduko ordezkariak.

Udal gobernuaren borondatea 

Zentzu honetan, Irungo 65.000 biztanleetatik %41a euskalduna (26.000tik gora) den heinean, euskararen biziberritzearekin kezkatuta dauden elkarte eta taldeek indarrak batu dituzte Irunen inoiz ez bezala. Eta elkarrekin bidea egiten hasteko, saretu eta benetan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko borondatea agertuko duten udal agintariekin lanean hasteko nahia adierazi dute. Eta badute nondik heldu. EH Bilduk gogoratzen duenez, «udalak onartua duen Hizkuntza Normalizatzeko Plana ez da betetzen ari, eta gainera berrikuntzak behar ditu». Hain justu, koalizio abertzaleak hilabeteak daramazki euskararen aldeko politikak azkartu nahian udalean. Brionesek azaldu digunez, bi eskaera luzatu dizkio udazken honetan udal gobernuari bilera desberdinetan. 

«Ikusi dugu emaitzak ez dituela eman, baina euskaran eta euskal kulturan ari diren eragileekin udaletxeak zituen harremanak ez zirela egokiak ikusita, elkarlana bultzatzeko plangintza bat proposatu genien, eta Normalizazio Plana berritu eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia zela, hori adostua genuen», azaldu du Oihana Brionesek. Eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela esaterakoan, udal gobernuak Euskara arloaren jarduna aldatzeko erabakia ere zalantzan jarri du: «Euskara arloa alkatetzara aldatu dute gobernu antolaketa berrian, berez eta ustez garrantzi gehiago eman nahi zitzaiolako modu transbertsalean, baina gero ekintzetan ez bada irudikatzen eta udaletxe barruan egiten den lanean ez badu inongo isladarik... ba bide onetik ez goaz!».