Irungo EH Bilduk «aukera dagoen bitartean» akordiorako prestutasuna adierazi dio PSEren udal gobernuari

Antxeta Irratia 2024ko abe. 20a, 11:37

Koalizio subiranistaren bozeramaleak sozialistei oroitarazi dienez, «udal aurrekontuen negoziazioak ez dira diru kopuruen eztabaida soil bat, ez dira matematika ariketak», baina Irungo erronkei erantzuteko aurrekontuak garaiz onartzea garrantzitsua dela jakinda, «aukera dagoen bitartean akordioetara iristeko eskua luzatua» mantenduko dute.

Aurrekaririk ez du atzo Irungo udalgintzan udal gobernuak atzo 2025eko Udal Aurrekontuak onartzeko udalbatzan hartutako erabakiak. «Bozeramaileen Batzordean esandakoak entzun ondoren eta ikusita aurrekontu proiektuak ez duela adostasun nahikorik» debatea atzeratzea erabaki zuen Cristina Laborda alkateak, udalbatza hasi eta puntu bakarra «mahaigainean» utzi ondoren. Herritarren harridura piztu du udal osoko bilkuraren deialdia mantendu izanak ere. Oposizioko udal taldeen partetik, aldiz, «herritarren beharrei erantzuteko» aurrekontuen beharra, eta beraz, udal gobernuak gainontzeko taldeak entzuten hasi beharko duela aditzera eman dute. Orain arteko negoziaketek ez baitute fruiturik eman. 

EH Bilduk «akordioak lortzeko ausardia eta determinazio gehiago» eskatu zion udalbatzaren aurretik gobernu sozialistari. Eta atzokoa bertan behera geratu ondotik ere, «negoziatzen jarraitzeko bere prestutasuna» adierazi du Oihana Brionesek. Koalizio subiranistako bozeramaleak sozialistei oroitarazi dienez, «udal aurrekontuen negoziazioak ez dira diru kopuruen eztabaida soil bat, ez dira matematika ariketak», eta beraz, irundarren oinarrizko beharrei erantzuteko proposamenak diren heinean, «gai hauek gizartean duten garrantziaz jabetuta, udal gobernuak ez du adostasunetara iristeko behar den denbora aurreikusi eta behar bezala neurtu». 

Dena den, EH Bilduk udal gobernuak determinazioz jokatu behar duela mantentzen du, eta Irungo erronkei erantzuteko aurrekontuak garaiz onartzea garrantzitsua dela jakinda, «aukera dagoen bitartean akordioetara iristeko eskua luzatua» dutela adierazi dute.

Oposizioko gainerako taldeetan, aldiz, EAJk ontzat eman zuen atzo alkateak akordioak lortzeko gai izan ez dela aitortzea, eta negoziaketetan sakontzera deitu dute. Elkarrekin Podemosen kasuan, aldiz, 26 emendakin aurkeztu ditu. Eta David Nuño bozeramaleak udal gobernuak «gehiengo absolutoa izango balu bezala» jokatzen duela salatu du, baina gertatutakoa «arreta dei bat» izan dela ohartarazi du, oposizioko udal taldeak entzuten hasi beharko dituela esanez.