"Lehenak, ikastolak hasi zituztenak"

Juanita Alkain: «Txingudi Ikastolako irakasleak militanteak ginen, eta gurasoen izpiritua ere desberdina zen, emozionalki inplikatuak zeuden»

Antxeta Irratia 2024ko abe. 24a, 11:09

"Lehenak, ikastolak hasi zituztenak" podcasta plazaratu berri dugu Antxeta Irratian. Bertan Txingudi Ikastolaren historiaren lekuko izan diren irakasleei hitza ematen diegu, Irungo euskararen garapenean eta herritarren euskalduntzean erabateko garrantzia izan duen hezkuntza komunitatearen sustraiak ezagutu nahian. Gaur Juanita Alkain hondarribiarrarekin hitz egin dugu, 1976an sartu zen lehenik frantses irakasle Txingudi Ikastolan, Franco diktadorea hil berritan. Elkarrizketa osoa bideoz hemen duzute. 

1962an euskararen eta euskal kulturaren egoeraz kezkaturik guraso talde bat proiektua eraikitzen hasi zenetik, asko aldatu da Irungo gizartea. Eta zeresanik ez ikastola. Baina milaka irundar biltzen dituen lehengo eta oraingo ikastolaren hezkuntza komunitate zabalak bizi mantendu du euskara hirian. Sei hamarkada luze hauetan Irun aldatu egin da. 

Urrun geratzen dira dagoeneko Joxepi Etxeberria andereñoarekin eta 11 ikaslerekin Irungo Atsegiña elkarteak erabiltzen zuen Kale Nagusiko pisu batean, Txingudi Ikastolak aurreneko ikasgela zabaldu zueneko garaia. Baita ondorengo urteetan Hondarribiko Gurutzearen Alabak (egungo Egiluze) ikastetxearen babespean eman zituen lehen urratsak, edota ikastolako neska-mutilen ikasketak La Salle eta El Pilar ikastetxeek eskuzabaltasunez egiaztatzen zituztenekoak. Orduz geroztik, garapen bizia izan du ikastolak. Sortu eta bost urteren buruan Maria Jesus Lertxundi, Miren Urrutia, Asentxi Otxoteko…  andereñoekin 200 ikasle jasotzera pasa ziren, eta lehen urte zailenak gaindituta, 1969an Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko partaide bilakatu zen ikastola. 1970ean ikastola legeztatu eta gero, 36.000 metro koadroko Jaitzubiko orubean Miguel Garai eta Jose Inazio Linazasorok proiektatutako ikastolaren eraikin berria 70. hamarkadako Euskal Herriko arkitektura pizkundearen ikono bilakatu zenekoa gogoan izango dute adineko irundar askok. Juanita Alkain, gure gaurko protagonistak ondo gogoratzen ditu eraikinaz interesatzen jaso ohi zituzten bisitak.

Parisen ikasketak amaitu berri zituela 1976an sartu zen lehenik frantses irakasle Juanita Alkain hondarribiarra, Franco diktadorea hil berritan, Txingudi Ikastolan. «Txiripaz» sartu zela kontatu digu, baina azkar atera zuela euskaraz irakasteko titulazioa, eta ikas-materiala ugaritzen eta ikasleak ikastoletan matrikulatzen ari ziren garaian, loraldiaren erdi-erdian ikastolan lan egiteko aukera izan zuela. «Urte gutxitan izugarri handitu zela gogoratzen dut, 3 urteko gelak 8 izan genitun, eta txoko guztietan genituen haurrak, eta gero normalizatu egin zen», kontatu digu Juanita Alkainek. Baliabide egokirik ez zegoen garai haietan ikas-materialari dagokionez euskaraz irakasteko, «baina lankideek eta beste ikastolatakoek egindakoak, larunbatero eta eskolaz kanpo eskuz asko egin dugu», argitzen digu, «eta esango nuke oso material ona zela». 

Ikastolaren egoitza ezberdinak eta Jaitzubirako aldaketa, laguntasun eta gatazkak, militante izaera eta emozioak izan ditugu besteak beste hizpide, lau hamarkada inguruko irakasle ibilbidearen laburpen gisa. «Guk ikastola bezala jazarpen sakonik ez genuen bizi, baina bai mundu bat ginela uste dut, eta kanpotik esango zuten horiek ikastolakoak dira, baina gure artean bat ginen, batasun handia bizi genuen, militanteak ginen eta garbi genuen aurrera atera behar genuela», dio. 

Hasierako gurasoen esfortzua ere gogoan du. Cine Avenida zen hartan egin zen bilera fundatzaileekin, eta denek jarri zuten beren partetik ikastola sortzeko. Gurasoekin harremanak, eta hauek ikastolarekin daukatena ere aldatzen joan dela dio. «Hasierako guraso haiek diferenteak ziren, izpiritua ere desberdina zen, emozionalki inplikatuak zeuden eta hizkuntza ez bazekiten ere, beste jarrera bat zuten», gogoratzen du, «gurasoekin lagunak ginen, lana bat egiten genuen, denetarako prest ziren guraso horiek, beti prest zeuden orduak sartzeko, lan egiteko eta gauzak antolatzeko, oso giroa ona zegoen», gogoratzen du. Aldiz, guraso elkarteak 1994an hartu zuen Euskal Eskola Publikoaren sarean integratzeko erabakia ere aipatu dugu berekin. «Oso gogorra izan zen, ikuspegi desberdinak zeudelako eta eztabaida, baina azkenean Kutxak erabaki zuen, ez zegoen fintzaziorik eta publifikatu besterik ez zegoen», dio.

Hala ere, dene lanetik garatutako ikastolaren proiektua harrotasunez bizi izan du. 1988ko Kilometroak ospatu zenean adibidez. Kontatu digunez, «emozioz bizitu genuen, lan handia egin zen eta oso harro egiten ari ginenarekin». Gerora Txingudi Ikastola handitzen joan da, eta Bidasoaldeko eskolarik handienak 1.200 ikasle inguru biltzen ditu gaur egun eskola publiko gisa. Baina bizipenekin geratzen da bereziki. 

«Momentu txar eta onekin, baina emozioz bizi izan dut ikastola beti, nire lagunminenak ikastolatik datoz, lagun talde handi bat maitasun handia duguna elkarrekin, asko bizitutakoak elkarrekin», dio, bere kasuan, ikastola, bizitza eta euskara elkarren eskutik joan direla aitortuz, «ikastolak euskararekiko sentimendua areagotu du nigan, eta ikastolari berari eskertua nago, asko eman dit eta dena lotua da niretzat».