"Lehenak, ikastolak hasi zituztenak"

Martxel Telletxea: «Kapazak sentitzen ginen dana aldatzeko, ilusioz, gurasoek ere zafarrantxoa egiten... haurrek ikusten zuten hori eta talde nortasuna lortzen zen, konfiantza osoa»

Antxeta Irratia 2024ko abe. 27a, 15:06

Martxel Telletxea 1979. urtean hasi zen Txingudi Ikastolan irakasle lanetan. Beratik etorri eta urtebeterako konpromisoa hartu zuela gogoratzen du, baina «urtebete hori 44 urte bihurtu ziren, erretiroa hartu arte». Bizia eman du Txingudi Ikastolan, eta ikastolak bizia eman diola aitortu digu. 1988an Kilometroak «astindua» ekarri zuen bezala, sare publikora aldatzearekin emandako «haustura» ere gogoan du, eta administrazioaren agindupean «bi kultura uztartzea erronka handia» izan dela dio. Elkarrizketa osoa bideoz hemen.

Frankismoaren garaian arrisku eta debeku guztien gainetik, Elbira Zipitria 1944an haurrei bere etxean eta euskaraz, eskolak ezkutuan ematen hasi zen. Urrats asko eman zituzten ondorengo urteetan Donostian, andereño gazteak formatu eta nork bere etxetik ikastola klandestinoen sarea handitzen joateko. Gurasoek eta irakasleek bat egindako lanari esker, 1950. hamarkadan ikastolek aurrera egitea lortu zuten artean, hainbat belaunaldi izan ziren euskararen kontrako jazarpen eta errepresioari aurre eginez, euskararen iraupena segurtatu zutenak. 1970. hamarkadan ikastolen legalizazioa iritsi zen, aitzindari hauen lanak sendotuz eta legezko bilakatuz, Donostialdean eta Gipuzkoan orokorrean. Baita Irunen ere, 1964. urtean bere lehen urratsak eman zituen gerora Txingudi Ikastola bilakatuko zenak. Hauen historia eta istorioak bildu ditugu “Lehenak: ikastolak sortu zituztenak” elkarrizketa sailean, podcast eta bideo elkarrizketa formatuetan.

Gaur Martxel Telletxea beratarra izan dugu gonbidatu. Egungo Oiasso Museo atarian, ikastolaren egoitza izan zenaren lekuan elkartu gara berekin. 1979an hasi zen Irungo Txingudi Ikastolan irakasle. Artean ikasketak bukatzen ari zela, maisu euskaldunen beharra zela sartu zen ikastolan. Hasierak urruti gelditzen zaizkio, baina ondo gogoratzen ditu. Franko hil berria zen, eta autonomia erkidego eta konstituzioaren eztabaida garaiak zirela, Txingudi Ikastolaren proiektua erronka handia zela gogoratzen du. Goi mailako titulazioekin irakasleak behar zituzten, eta «elkarrizketa xume bat ondoren urtebeterako konpromisoa hartu nuen, eta urtebete hori 44 urtetan bihurtu zen, horrekin nahikoa esaten ari naizela uste dut», dio Telletxeak.

Hasieratik identifikatua ikusi zuen bere burua ikastolaren helburuekin. «Olatu batean geunden, ilusio ikaragarria, dena aurrera eramateko gai ikusten ziren, eta ni ume mukizu bat nintzen oraindik, baina itsasontzi horretan igo nintzen, hauek badihoazte, badakite nora dihoazten esan nuen, eta nik pentsatzen nuenarekin bat zetorren», argitzen du.

Konplizidadea, itsasontzi berean

Bizitza ikastolari eman dio Martxelek, eta ikastolak ere eman dio bizia. Lehen urteetako engaiamenduak, guraso eta ikasleekin harremana, euskararen aldeko lana…oroitzapen onak ditu. «Beti eskertu izan dut aukera hau eukitzea, zeren irakasleen artean lan egiten zen, baina jangela, garraio eta langile guztiok bat ginen, eta batzarretan denok elkarrekin hartzen genituen erabakiak askotan», dio irrifar batekin, «astearteko koordinazio bilerak bukatu eta mokadu bat hartzera geratu ohi ginen, eta horrek futbolean esaten den bezala, aldagela giroa sortzen zuen».

Konplizidadea ezinbestekoa izan zela pentsatzen du urte zail haietan. Dena egiteke zegoelako. «Ez genuen atzera begiratzen, gurasoen mugimendua, orube bat erosteko proiektua ikastola berria eraikitzeko, ikastolako idearioa sortzen, barne araudia, dena sortzen ari zan, eta mugimendu hartan denok ginen sartuak, inplikatuak, han ez ziren ordurik, bilera bat bestearen atzetik», gogoratzen du. Baina lan egiteko gogorik ez zen inoiz eskax. «Oztopoak bai, baina kemena ere aurrera egiteko bazen, eta konplizidadea. Kapazak sentitzen ginen dana aldatzeko kemenarekin ikusten genuen gure burua, oztopoak noski zeudela, baina zirrikituak topatzen genituen beti», azpimarratzen du.

Euskaraz irakasteko erronka

Baina ikasgelan, egunerokoan ere, eta euskara mailan irakasleentzat erronka bat izan zela dio. «Ez zegoelako gaur egun egon daitezkeen baliabide pedagogikoak eta materialak, dena sortu behar genuen, eta formakuntzak etengabe», azaldu digu, «lehenbiziko urtean gogoratzen dut Saioka liburua zela liburu bakarra, garai hartarako ere nahiko astuna zen, eta apunteekin funtzionatzen genuen, uztailan formakuntzan elkartzen ginen beste irakasleen ideiekin, handik eta hemendik hartu, eta sortzen genuen, eskuz edo makinarekin pasatzen genituen».Garai hartan Jose Ramon Etxeberria irakaslearen edo La Sallen zebilen Periko Alkainen apunteak gogoan ditu, adibidez. Nolanahi ere, irakasteko sormena beharrezkoa zela argi du, nekez, baina bere abantailak zituela aitortzen du ere: «Zentzu horretan ez zen gaur egun bezalako curriculum itxia, eta horrek askatasuna ematen zigun lan egiteko, gaur egun hain modan dauden proiektuka lan egiten genuen, ikasleei pentsatzeko tresnak ematen genizkien».

Familiak eta ikastola

Familiekin harremana ere, gaur egun pentsaezina izango litzatekeen modukoa zela azpimarratzen du. «Konpromisoa izugarria zelako, ez bakarrik euskararekin, gurasoek zafarrantxo egiten zuten, etorri eta behar bazen paretak margotu, kortinak egin eta gero otordu bat egiten genuen elkarrekin, hori haurrek ikusten zuten, eta talde nortasuna eta konfiantza osoa lortzen zen», azaldu digu Martxelek.

1992-1994 urtealdian, aldiz, Txingudi Ikastola sare publikora sartzeko urratsa eman zen. «Garai gogorra» izan zela gogoan du. Ikastolak bere nortasuna mantenduko ote zuen ala ez eztabaidan zela dio, «batzuk ikusten genuen administrazioaren esku gelditzekotan pertsonen kudeaketa aldatuko zela, baina gogoratzen dut azken batzarra edifizio berria egiten harrapatu gintuela, eta mailegu batzuk eskatzen, garaiko 600 milioi pezeta ziren, eta guraso askok bere abal pertsonala eman zituztenak baziren etxe berria egiteko». Panorama horren aurrean, eta Laborala eta Kutxarekin ezin moldatu, azkenean «inongo bozketarik egin gabe onartu zen publifikazioa».

Txingudi Ikastola beste fase batean sartu zen orduan. «Haustura bat eman zen, eta bi ikastetxe izatea inposatu ziguten, ez genuen lortu administrazioak kontsideratzea 3-16 urte arteko ikastetxe bat ginela», dio goibel. Zuzendaritza taldeak kargua utzi, eta hurrengo lantaldeak lau urte besterik ez zituen iraun. Hortaz, 2000. urtean zuzendaritzan sartu zen Martxel Telletxea, «sare publikoarena sendotzen hacia zen, baina DBHko erronka ez zen suabea izan, ikastolak ez zuen ahalmenik kontratatzeko eta administrazioak aginduta zetozen irakasleak. Eta hor bi kultura uztartzea izan zen elementu potentea», gogoratzen du, «ordu arteko ikastolarena, eta kanpotik zetorrenarena».

Euskararen geroa

1988ko Kilometroak nola bizitu izan zuen galdetuta, mugarri bat izan zela dio. Lanerako eskuak bazter guztietatik agertu zirelako, eta ekonomikoki garrantzitsua izan bazen ikastolarentzat, bestelako astindu bat eman zuelako Irunen. «“Euskarari mugarik ez” pankarta Irungo udaletxeko balkoian garai hartan ikustea, eta gaur egungo ikuspegitik begiratuta ere sekulakoa izan zen».

Euskararen bilakaerari buruz Irunen, baikorra da 44 urtez Txingudi Ikastolan irakasle izan ondoren. «Nahiz eta esan Irunen euskararen egoera zein den, Irunera etorri nintzenean oso zaila zen euskaraz zerbait entzutea, eta gaur egun entzuten da, eta gehiago entzungo genuke baldin eta dakigunok hitz egingo bagenu, lehen hitza euskaraz ematen baduzu sorpresa bat hartzen duzu beti», aldarrikatzen du.

Ikastolan egindako ibilbideari eskertua dago, «neska-mutilekin lan egitea oso energetikoa izan da, eta belaunaldi berriek orain ere badute zer esana eta zer egina euskara bizitzeko eta gozatzeko hizkuntza bat izan dadin» bota die erronka gazteei.