Kimatu beharreko zuhaitz asko dago Irunen, baina ez aski

Antxeta Irratia 2025ko urt. 8a, 13:31

Hirigunean dauden 15.000 zuhaitzetatik 980 inguru inausiko ditu udalak udaberria arte luzatuko den aurtengo kimaketa kanpainan. 160.000 euro bideratuko dituzte horretarako. Aldiz, 2024ko martxoan Garapen Urbanistiko Jasangarrirako udal ordenantzarekin zuhaitz gehiago landatzeko konpromisoa hartu bazen ere, hiriko zuhaitz kopurua ez da Munduko Osasunaren Erakundeak gomendatzen duen gutxieneko irizpideak agintzen dituen 21.666 arboletara heltzen. 

Urtarrilaren 7an Irungo lorazainek abiatu duten zuhaitzen kimaketa kanpainaren berri eman du Jon Ugarte Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak. Ale gazteak formatzeko, egoera txarrean dauden edo hilik dauden adarrak ez erotzeko segurtasun arrazoiak direla eta, edota muga eta azpiegitura jakin batzuen barruan sartzea sahiesteko kimatu ohi dituztela argitu du. Aurtengo kimaketa kanpaina udaberria iritsi arte luzatuko dute, eta 160.000 euroko aurrekontua du. Aurreikuspenen arabera, 980 zuhaitz inausiko dituzte, horietatik 500 inguru urtero kimatu beharreko platanoak izanik. Kanpaina Ermita kalean hasi dute, eta Ospitale Zaharretik jarraituko du gero. 

Bestalde, Irungo Udalak 306.000 euro bideratzen du urtero hiriguneko zuhaitzak mantentzeko eta kontserbatzeko, inausketa, mozketa, zuhaitz berrien landaketa, ordezkatze eta prebentzio zein ikuskapen lan ezberdinak egiteko. Ugarteren hitzetan, udalak badaki zein garrantzitsua den hiriko zuhaitzak ahalik eta egoera onenean mantentzea. «Ingurua edertzeaz gain, kutsadura murrizten dute eta biodibertsitatea ugaltzea ahalbidetzen dute. Horregatik, konpromiso irmoa dugu landarediaren alde. Ez gara esateaz nekatuko: bizitzeko hiri bat nahi dugu, eta ingurumen aldetik ahalik eta kalitate onena duen hiri bat behar dugu horretarako».

Irunen 15.000 zuhaitz inguru daudela azpimarratu du, askotariko familia, genero eta espezietakoak. Hau da, lau irundarreko zuhaitz bat dago Irunen. Gehiena, aldiz, 1.755 unitate eta hiriko zuhaitz guztien %11,38a platanoak dira. Argitu dutenez, zuhaitz familia nagusia betulazeoak dira (ororen %16), Alnus, Betula, Carpinus, Corylus eta Ostrya generoek osatzen dutenak. Gainerakoan, sagarrondoak, udareondoak eta prunus generokoak, likidanbarrak, lizarra eta ezkia ere oso presente daude Irunen.

Baina zuhaitz aski al da? 

Munduko Osasunaren Erakundea (OMS) bere azken txostenetan azpimarratzen duenez, hiriguneetan gutxienez zuhaitz bat beharrezkoa litzateke hiru biztanleko, eta 10-15 metro koadro berdegune arnasten dugun aireraren kalitatea osasungarria izan dadin. Ingurumen erronka gune urbanoetan mahaigainean ezarri du Europar Batasunak ere, eta zuhaitzek kutsaduraren arintzean jokatzen duten funtzioa kontuan hartuta, hirigintza planetan berdeguneen eta zuhaiztien parametroak ondo planifikatzea estrategikoa bilakatu da. Alemaniako Frankfurt eta Ingalaterrako Sheffield dira Europan erreferente nagusiak, hiriko espazio berdeak ororen %60a hartzen dutelako.

Ezin ahantzi daiteke, hiriguneetako florak kutsadura partikulen filtro lanak egiteaz gain, beroketa efektua arindu eta oxigenoa sortzen du. OMS erakundeak argitu duenez, zuhaitz handi batek urtean 150 kilo CO2 xurgatu dezake. Hortaz gain, kutsadura akustikoa ahultzen du, eta hiri-biodibertsitatea aberasteaz gain, klima aldaketaren beroketa efektuaren aurrean eta uholdeen aurrean tresna eraginkorrak dira, airearen tenperatura eta lurrak jasotzen dituen euri-urak erregulatzen dituelako.

Udalak Irungo Aterpe Klimatikoen Mapa aurkeztu zuen joan den ekainean. Eta martxoan Irun aitzindari bilakatu zen EAE mailan, klima aldaketaren berotegi-efektuari eta uholde arriskuei egokitzeko espazio publikoaren kontzeptua berrasmatzen. Bero-irlak sahiestuko dituzten zuhaitzen itzala eta korridore berdeak sustatu eta behartuko dituen Garapen Urbanistiko Jasangarrirako Irungo udal ordenantza berria onartu baitzen martxoan.

Proiektuak hiru helburu nagusi dituela aditzera eman zuen orduan Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako udal ordezkariak, urbanismoaren ikuspegitik  «adaptatzen» ikasi beharra dagoela nabarmenduz. Espazio publikoa berrasmatzeko helburu horietariko garrantzitsuena, aldiz, «hiria birnaturalizatzea eta euri-uren aprobetxamendua sustatzea, hiri-azalera iragazkorrak handituz» helburua zutela azpimarratu zuen. Eta horretan, elementu nagusia zuhaitza beharko du izan aliatu. Ordenantza berriaren arabera, Irunen urbanizatuko diren kale eta eremu publiko guztietan zuhaitzak landatzeko exijentzia berria indarrean, 50 metro karratu berhiritartzen bada 8 metro baino handiagoa den zuhaitz bana landatu beharko da, 30 metro karratuko 5-8 metro arteko zuhaitz ertaina, eta arbola txikia (5 metro artekoak) 10 metro karratuko.

Aldiz, iazko kimaketa kanpaina Irunen 15.000 zuhaitz zeudela aditzera eman zuen udalak, eta 2025eko kanpaina hasi berri dela, kopuru berdintsuak azpimarratzeaz gain, ez dute zuhaitz berrien landaketa kanpaina baten edo proiekturen berririk eman oraingoz. 15.000 zuhaitz asko izan daitezke banan-banan zenbatuta. Baina 65.000 biztanle dituen hiri batetaz ari garela kontuan hartzen badugu, Irungo hiriak ez du OMS erakundeak gomendatzen dituen kopuru minimoak bermatzen oraindik. Irunen 21.666 beharko lirateke, zuhaitz bana hiru biztanleko.