Aurtengo EuskarAbentura espedizioa aurkeztuko dute Irungo AmaiaKZn ostegunean

Antxeta Irratia 2025ko urt. 8a, 11:35

Ostegun hontako Zure Abenturaren Bila zikloan joan den udan 125 gaztek Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatzen egindako Euskarabentura ekimenaren laburpen bideo-proiekzioa pasako dute. Aldi berean, 2025eko udan Atharratzen hasi eta Getxon bukatuko den 783 kilometroko aurtengo edizioa aurkeztuko dute. 

Euskal Herri osoko 15-17 urte bitarteko gazte belaunaldi desberdinek izan dute Euskarabentura ekimenari esker, Euskal Herria sakonean ezagutu eta beste herri eta eskualdeetako gazteekin hilabete osoko espedizioa partekatzeko aukera. Aurten, 2025eko udan, Atharratzen hasi eta Getxon bukatuko da espedizioa eta guztira 783 kilometro egingo dituzte parte hartuko duten 125 gazteek. Horietatik 483 kilometro oinez eta gainontzekoak herri zenbaitzuen arteko loturak egiteko autobusez edo trenez. Guztira 31 etapa egingo dituzte.

Aurtengo edizioaren aurkezpena egingo dute Irungo Amaia Kultur Zentroan, urtarrilaren 9an 19:00etan. Antolakuntzatik iragarri dutenez, ostegunero Irungo Udalak proposatzen duen Zure Abenturaren Bila zikloa aprobetxatuko dute horretarako. Eta joan den udan 125 gaztek Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatzen egindako Euskarabentura ekimenaren laburpen bideo-proiekzioa pasako dute. Halaber, aurtengo edizioari buruzko informazioa emango dute ere, antolatzaileen solasaldi baten bidez. Sarrera doakoa da, plaza guztiak bete arte.

Aurtengo espedizioan inskribatu

2025eko edizioari begira, ibilbidean zehar Donejakue Bideko hiri ibilbideak zeharkatuko dituzte eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako eremuak bisitatuko dituzte, haien artean, Euskal Herri luze eta zabaleko basoak, hondartzak, museoak, kobazuloak, portuak, herriak, baserriak etabar. Gainera euskal kulturaz jabetzeko helburua duen egitasmoa den heinean, hainbat alorretako profesionalek kolaboratuko dute Euskarabenturan. Eta gazteek egingo duten ibilbidean zehar musikariak, aktoreak, soziolinguistak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, kirolariak edota idazleekin topo egingo dute.

Euskarabenturan izena emateko epea zabalik dago eta interesa duen 15-17 urte bitarteko gazte orok, bideo pertsonal bat bidali beharko du martxoaren 5a baino lehen euskarabentura.eus webgunean azaltzen duten moduan.