Urte historikoa egin du Oiasso Museoak, terma erromatarren inaugurazioaren atarikoan

Koldo Nausia 2025ko urt. 14a, 11:09

Museoak 38.634 bisitari jaso zituen iaz, 2023an baino %19 gehiago. Erakusketa iraunkorrak (13.226 bisitari) museoa 2006an ireki zeneko datuak berdintzea lortu duen bitartean, aldi baterako erakusketek eta urte osoan museoak antolatutako kultur programazio oparoarekin batera, Dies Oiassonis edo FICAB zinemaldiak ere bisitari gehiago jaso dituzte. Aurten, terma erromatarren irekierak sortu duen ikusminarekin, marka guztiak apurtzea aurreikusten dute.

Oiasso Erromatar Museoak marka guztiak apurtu ditu joan den urtean. Orotara 38.634 bisitari jaso zituen, 2023an baino %19 gehiago, orduan 32.388 lagunen bisita jaso baitzuen. 2024ko bisitari guztien 12.623 ekainetik abuztura bildu zituen museoak, aurreko uda sasoiarekin alderatuta %20 emendatuz, uda arrakastatsua izan zuelarik. Udalak aditzera eman duenez, Jaime Rodríguez Salísek egindako aurkikuntzak eta Arkeolan Fundazioak lan horri emandako jarraipenaren berri emateko helburuarekin, museoak 2006 urtean ateak zabaldu zituen urteko marka berdintzea lortu du ia 20 urte beranduago.

Aldiz, museoaren eskaintzak ez du hasiera batekoarekin zerikusirik. Proiektua nabarmen garatu baita urteotan, eta museoak berak proposatzen duen antzinako Oiasso hiriaren aztarna arkeologikoen bildumaren erakusketa iraunkorrak 13.226 bisitari jaso baditu ere, %58,6 gehiago. Hortaz haratago, museoak antolatzen dituen kultur jarduera eta erakusketa ibiltariek eragin nabarmena izan dute hobekuntza honetan. Horren adierazle, bisitarien %59a Gipuzkoatik datorrela. Hala ere, Euskal Herritik kanpoko bisitarien kopuruak ere gora egin du %52 batean. Gehienak Madril, Katalunia, Valentzia, Aragoi eta Gaztela eta Leonekoak.

Cristina Laborda alkateak museoaren arrakastaren gakoa urte osoko programazio aberatsari zor zaiola azpimarratu du ere. Batetik, ohikoak bilakatu diren aldi baterako erakusketak. Halakoetan 2023an 7.749 bisitari erakarri zituzten bitartean, iaz 8.261 izan ziren (%11,5 gehiago). Denen artean, "Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak" eta  "Haiek hitz egiten dute"  izenekoak nabarmendu dituzte. Bilboko Museo Arkeologikoak utzitako 150 pieza megalitiko original jaso zituen museoak lehen adibidean, eta Meridako Erromatar Museo Arkeologikotik hainbat pieza bigarrenean.

Aldi baterako erakusketek arrakasta bildu zuten iaz. Irudian 150 pieza original biltzen zituen "Megalitoak" izenekoa. 

Bestetik, museotik antolatzen dituzten bisita gidatuak, hitzaldi, musika saio eta tailerrak, eta urteroko erreferentziazko bi kultur hitzordu ere azpimarratu dituzte, bisitarien kopuruaren gorakada azaltzeko. Hala nola uztailan ospatutako Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, aurten bere publikoa pixka bat handitu duena 5.485 pertsonarekin. Eta Bidasoko Zinemaldi Arkeologikoaren Jaialdia (FICAB) azaroan jaso zituen 2.049 ikusleekin, 2023an baino %31,3 gehiago.

2025a, terma erromatarren urtea

Datu hauekin, museoa erromatarren historiaren erreferentziazko gune bezala sendotzen dela azpimarratu du udalak, eta 2025 honetan 21 hilabeteko lanen ondoren, urtearen erdialdean  ateak zabalduko dituen terma erromatarren proiektuari esker, hau areagotu egingo dela iragarri dute. Izan ere, 20 urte ondoren, Europako Next Generation funtsatik 2 milioi euroko dirulaguntzari esker, azken urteotako indusketa arkeologikoak borobildu, eta termak bisitagarri egin eta museoaren eskaintza berria bilakatuko dira.

Juanjo Jimenez, Oiasso Museoko zuzendariak aditzera eman duenez, «museoaren berrirekitzea edo inaugurazio berri bat» suposatuko du, Kantauri isurialdean erromatar aztarnategien artean erreferentzia bilakatuz. Adituen arabera, Asturiaseko Xixoneraino jo behar baita tamainako aztarnategia aurkitzeko. «Azpimarratu behar da Irungo erdigunean dagoela, eta oso kasu gutxitan topa daitezke horrelako aztarnategiak hiri baten erdigunean», argitu du. Udan zabaldu nahi dituzte eta lanak azken txanpan sartu dira. «Irrikitan gaude lanak bukatu eta Oiasso nolakoa izan zen hobeto ulertzeko lagunduko duen aztarnategi hau erakusteko», dio zuzendariak.

Inaugurazioaren atariko gisa, proiektua Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) aurkeztuko dute Madrilen, urtarrilaren 23an. Bertan, “Irun, helmuga erromatarra” proiektuaren barruan kokatu dute Irun, terma erromatarrak eta Oiasso museoaz gain, Ama Xantalen nekropolia eta aurki zaharberrituko dituzten Irugurutzetako meategien eskaintza museistikoarekin. Gainera, Irungo Udalak orain artean Behemendi elkartearekin lankidetzan eskaini izan duen tren berdearen zerbitzua bere kabuz antolatzea erabaki du, eta tren berde propio bat erosiko du bisitak nahieran antolatu ahal izateko.