iñaki bengoetxea - ola sagardotegia

«Sagar-loreak polinizatzeko sail guzitan baditut erleak, aurten eztia bezala sagardoa ere, gutxi baina zapore handikoa atera da»

Koldo Nausia 2025ko urt. 16a, 10:24

Arantzateko XII. mendeko burniolan (Meaka) kokatua dagoen OLA sagardotegiak Txotx Irekiera antolatu du urtarrilaren 19an, 12:00etan. 25. urtea du eta herri kirolen presentzia nabarmena izango du festak, lehen txotxa Xabier Martiarenari eskainiz, eta 18:00etan eguna erromeria batekin borobilduz. Ez-urtea izanik aurten ekoizpena %55 txikiagoa izan da, baina «zaporez iazkoa baino sendoagoa eta sagar kolore bikainekoa» dela iragarri dute.

Txotx denboraldia abiatu dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileek. Aurten Nafarroakoak eta Iparraldekoak ere batu dira Donostian egindako Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren aurkezpen ofizialera, mugaz gaindiko lehen Jatorri Deitura sortzeko apostua egin baitute aurten. Euskal Sagardoa sormarkaren barruan 1,3 milioi litro ekoitzi dituzte sarean diren 46 sagardotegik, bertako 250 sagastietako 2 milioi kilo sagar erabiliz. Ez urtea izaki, aurreikusia zuten bezala uzta txikia izan da aurten, 2023koarekin konparatuz %60 bat gutxiagokoa. Gure eskualdean, Irungo Meaka auzoan, Arantzateko XII. mendeko burniolan aurkitzen dugu Euskal Sagardoaren Katalogoan dagoen sagardotegi bakarra. Ola sagardotegia.

Bertakoa bultzatu eta ospatu

Propio dituen 9 hektarea sagastietatik, edo sagardotegi parean den Etxezabal baserritik bezala, Bidasoaldeko beste laupabost baserritatik biltzen du Iñaki Bengoetxeak udazkenero bere sagardoa ekoizteko sagarra. «Betiko metodoa, tradizionala» lantzen duela dio, eta sagar mota berri askorik ez du nahasten, «beti baserri beretatik hartzen dugu, zuhaitz beretatik, eta barietate nahiko finkatuak ditugu, baina urtero bi barietalak edo hiru barietalak saiatzen gara egiten jendeari gusto bereziak eskaintzeko kupeletan», iragarri digu.

25 urte bete ditu sagardotegiak, eta urtarrilaren 19an, igandearekin ospatuko dute aurtengo Txotx Irekiera jaia. 12:00etan hasiko dira herri kirolen presentzia nabarmenarekin, trontzan besteak beste. Izan ere, aurtengo lehen txotxa Xabier Martiarenari gorde dio, segan eta herri kiroletan aritua. Ondoren, eta bazkalorduan aurtengo sagardoa dastatu ondoren, 18:00etatik aurrera erromeria antolatu dute. «San Anton ospatzeko ohitura handia genuen aspaldi Irundik eta Oiartzundik Lesaka aldera, eta arratsaldean musika, dantza eta taloak jateko aukera izango da», argitu digu. 

Aurtengo sagardoa, aroaren parekoa

Kupelak prest dauzka txotx denboraldirako. Momentuz, 5,5 eta 6 gradu arteko graduazioa duela aipatu digu, baina 7ra ere iritsiko dela pentsatzen du. «Iazko uztaren erdia egin dugu edo pixkat gutxiago, baina zaporez sendoagoa da sagardoa, niri gustatzen zaidan kolore horrekin» iragarri du. Ez urtearen sagardoa izateaz gain, emaitzan egindako eguraldiak eragin handiagoa duela dio.

Azken 25 urteotan hainbeste aipatzen den klima aldaketaren ondoriorik nabaritu ote duen galdetuta, neurtzen zaila dela dio Bengoetxeak. «Lurrak bere zikloak izaten dituela uste dut, eta leheno ere baziren bero kolpeak, baina 2017tik hona kontrolatzen ari naizela, nik sumatzen dudana da udaberria joaten dela kaxkarra, euritsua. Eta erleak ez du nahi izaten atera elikatzera, eta gero uztailan oraindik ere loreak ateratzen dira, eta nahiko trastornatuta dabiltza zuhaitzak», argitzen du. Azaldu duenez, horrek sagarrondoa ahultzen du, nekatzen du, eta ez du indarrik lorea behar bezala polinizatzeko, gero lorea erortzen da eta faktore horiek ere eragiten dute. 

Iñaki Bengoetxea OLA sagardotegian lanean joan den irailan uzta bildua berria zuela. 

Modernitatea eskulana kentzeko ondo ikusten badu ere, tradizioa mantentzearen aldekoa da, eta sagar gehiena eskuz biltzeaz gain, han justu, polinizazioa segurtatzeko erleak ditu. «Sagar-loreak polinizatzeko, hortako ditut, sail guzitan baditut erlauntzak eta laguntzen dute, baina eguraldiak ere lagundu behar du», azpimarratzen du Ola sagardotegiko nagusiak. Bidasoko Erlezainen Elkarteko kide ere bada, bere sagastien ekosistemaren zirkulo borobiltzeko, eta aipatutako eguraldiaren ondorioz sagardoarekin bezala hortan ere, «kalitate handikoa, baina ezti gutxi» atera dute aurten.

Tradizioari errotutako ekoizpena egiteaz harro dago Iñaki Bengoetxea. Askok bera bezalako sagardogileen lana ezagutzen duten arren, ostalaritza edo ekonomia ikuspegitik haratago joan eta balioan jarri beharra dagoela uste du. «Sagardotegiak jarraitzen du batetik ekonomia eta kultura egiten, baina atzeka bagoaz sagastietan gure lurrak nola bizirik iraun, nola eutsi garbi eta etekin pixkat atetzeko moduan ari gara lanean», defendatzen du, sektoreak laborantza lurrak babestu eta ingurumenari fabore egiten diola azpimarratuz, «gazteak ginenean sagastiak ziren, erleak zeuden, eta hemen Irunen industria aspaldi joan zela pikutara, baina 9 hektarea mantentzen ditugu hemen, eta beste laupabost baserriren ekoizpena ere».